Garaipen batekin berrartu nahi du liga Bera Berak
Eskubaloi liga bueltan da, eta Bera Berak etxean jokatuko du, Valladoliden aurka, larunbatean. Donostiarrak Beti Onaki irabazita joan ziren geldialdira, eta garaipen batekin berrartu nahi dute txapelketa, lidergoa sendotzeko. Ez litzateke partida zaila izan behar etxekoentzat, espainiarrak zazpigarren sailkatuak baitira ligan.
Futbolean, Reala indartsu iritsiko da igandean Levante Las Planasen aurka Zubietan jokatuko duen neurketara, joan den asteburuan San Mamesen derbia irabazi ostean. Natalia Arroyoren neskek sailkapenean gora egin nahi dute (zazpigarrenak dira), eta horretarako aukera ona da asteburuko norgehiagoka, Levante Las Planas hamabigarrena baita ligan.
Belar hockeyan, ligako lehenengo itzuliko azken partida jokatuko du Realak larunbatean, Sardineroren aurka, etxean. Koparako txartela ia ziurtatuta dute txuri-urdinek, eta galduz gero ere litekeena da sailkatzea lortzea, baina hobe izango da Sardinerori irabaztea; are gehiago, etxean jokatuta. Ligako seigarrena da Reala, eta bederatzigarrena Sardinero.
Azkenik, izotz hockeyan, larunbat gauean jokatuko dute Txuri Urdineko neskek zein mutilek. Neskek Milenio Panthersen etxean jokatuko du, eta partida parekatua izatea espero da, ligako azkenak baitira donostiarrak, eta azkenurrenak etxekoak. Mutilek, aldiz, Majadahonda hartuko dute etxean, eta hori ere neurketa parekatua izango da printzipioz: bosgarrenak dira madrildarrak, eta seigarrenak donostiarrak.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumeen liga, 7. jardunaldia
- Bera Bera – Valladolid (larunbatean, 18:00etan).
Futbola
Emakumeen liga, 10. jardunaldia
- Reala – Levante Las Planas (igandean, 14:00etan).
Belar hockeya
Emakumeen liga, 11. jardunaldia
- Reala – Sardinero (larunbatean, 16:00etan).
Izotz hockeya
Emakumeen liga, 9. jardunaldia
- Milenio Panthers – Txuri Urdin (larunbatean, 20:25ean).
Gizonen liga, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (larunbatean, 21:00etan).