ZM 2023an irekiko dute, Zurriola Ocean Center izenarekin
Sei urteren ostean, Zurriola Maritimo eraikina ireki egingo da berriro ere 2023an, orain Zurriola Ocean Center izenarekin. Itsasertzen Zuzendaritza Nagusiak baimena eman dio hainbat enpresen artean sortutako Aldi Baterako Enpresen Elkarte bati. Udaleko zinegotzi Kerman Orbegozok azaldu dio El Diario Vasco-ri.
Zurriola Ocean Center proiektu anitza izango dela iragarri dute, hezkuntza, ingurumena, kirol eta gastronomia uztartuz. Kirolaren arloan, ur jarduerekin lotutako praktikak sustatu nahi dituzte. Hezkuntzaren arloan, itsasoko segurtasuna landuko dela iragarri dute, sorospen eta salbamendu jarduerekin. Proiektuan azaltzen denez, jasangarritasuna “hainbat ikuspegitik” landuko da.
710.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute eraikinak dituen konponketa beharrak asetzeko, batez ere ere fatxada eta estalkiak omen dira kalte handienak dituztenak. Iragarri dutenez, “proiektua errentagarria izan dadin”, udalak proiektuaren %40 finantzatuko du, 300.000 euro inguru.
Sei urtez itxita
Enpresa bakarra aurkeztu zen joan den martxoan Donostiako Udalak Zurriola pasealekuko Zurriola Maritimo eraikinaren kudeaketa egiteko deitutako lehiaketa publikora. Iraganean terraza eta diskoteka zituen taberna eta jatetxea izan zen, eta ia sei urtez itxita eta erabilerarik gabe egon da.
Hainbat enpresak porrot egin eta 2016an establezimendua itxi ondoren, udala saiatu zen Espainiako Estatuko erakundeak espazioa lehiaketara atera zezan —udala izaki Itsasertzen Zuzendaritza Nagusiaren jabetzako eraikinaren kontzesionarioa—; baina ez bakarrik ostalaritza erabilerarako izan zedin, baita merkataritza erabilerarako edo surfarekin lotutako beste erabilera batzuetarako ere, eraikinaren agintea eskuratzeko interesa zuten enpresa posible gehiago egon zitezen.
Aurreikusitako oinarrien arabera, enpresa esleipendunak hamar urteko epea izango du esparrua erabiltzeko, eta beste hamar urtera luza daiteke negozioa ustiatzeko. Emakidaren lehen hamar urteetan, kanon finkoa 30.208 eurokoa izango da urtean, eta kopuru hori 60.000 eurora igoko da ordutik aurrera. Gainera, kanon aldakorra % 4koa izango da lehen hamar urteetako mozkinen gainean, eta % 8koa gero.