Jesuitinaseko ikasleak, boluntariotzan murgilduta
Datorren astelehenean, abenduaren 5ean, Boluntarioen Nazioarteko Eguna dela eta, Jesuitinas ikastetxeko ikasleek euren boluntariotza lanak jendarteratu nahi dituzte: “Egungo gizartean, gazteen ekimen eta jarrera solidarioei oihartzuna eman behar zaiela pentsatzen dugu. Horregatik, abenduaren 5a baliatuz, egunak merezi duen aipamena egin eta gure gazteen eginahal solidarioari ikusgaitasuna ematea garrantzitsua dela deritzogu”.
Esparru akademikoaz haratago, gazteengan begirada aktiboa, inklusiboa eta solidarioa sustatu nahi du Donostiako Jesuitinas ikastetxeak. Ardatz duen irakasgaia da CAS (Sormena, Ekintza eta Zerbitzua hitzen gaztelerazko siglak). “Gazteak kontzienteki bizi daitezen, pentsamendu eta irizpide kritikoa izan ditzaten, eta gizartean aktiboki jardun dezaten nahi dugu” dio Idoia Altunak, irakasgaiko koordinatzaileak.
Ikasturteak irauten duen 10 hilabetetan, ikasleak hainbat esperientzia eta proiektutan murgiltzen dira. Esparru sozial desberdinetan aritzen dira, “bakoitzaren barrena mugitzen duen horretan inplikatzen dira”. Sentsibilizazio lana ezinbestekoa da hasteko: “Ez da besterik gabe egitea, ez da merezimendu kontua. Ingurua ikusteko gaitasuna garatu behar da, arrotzak zaizkigun errealitate horiek behatu, ulertu, nondik datozen ezagutu, aurreiritziak gainditu, eta aktiboki jarduteko gogoa piztu”.
Hona hemen, urteko jarduerak eta ikasleen bizipenak