"Zentzuzkoa da turista baten mugi anonimoa donostiarrek ordaindu behar izatea?"
Zalaparta sortu du Gipuzkoako garraio publikoaren %50eko deskontua 2023an luzatzeko erabakiak. Batez ere, Eneko Goia alkateak erabaki horren inguruan egindako adierazpenengatik. Atzo Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan esandakoa hitzez hitz berresten duela adierazi du gaur udaletxeko prentsa agerraldi batean.
“Ez naiz esaten ari deskontuen sistema luzatzearen aurka dagoenik Donostiako Udala. Horrelako erabaki bat hartzeko aurretik horren finantzaketa argitu behar dela diot. Nire lana azken hilabete honetan, hainbat erakunderekin eta garraio diputatuarekin horri buruz hitz egitea izan da. Udalak honen inguruan ez duela ezer esan, ez da egia. Arduradunak badakizki gure kezkak eta proposamenak. Eta ez dira aintzat hartu”, azaldu du Goiak.
Horrekin batera, hausnarketa bat plazaratu du alkateak: “Ni Mugiko erabiltzailea naiz. Asko erabiltzen dut. Nire soldata zein den ezaguna da, egunkarietan ateratzen da. Zentzuzkoa da erabaki hau donostiarrek ordaindu behar badute, nik egiten dudan erabileraren defizitaren gehigarri hori ordaindu behar izatea? Hau denentzat izan behar du edo behar dutenentzat?”.
Mugi anonimoari ere egin dio erreferentzia: “Mugi anonimoen erabiltzaileak ez dira ohikoak, eta Donostiaren kasuan erabiltzaile batzuk turistak dira. Zentzuzkoa da turista baten mugi anonimoa donostiarrek ordaindu behar izatea? Hori ez da progresista izatea, baizik eta behar gehien duenari laguntzea”.