Alokairua legez mugatu behar dela dio EH Bilduk
EH Bilduk agerraldia egin du Grosen Azorak “mehatxatu” dituen Groseko familia guztiei babesa eta elkartasuna adierazteko. “Funts putre hori Donostian gehiegizko igoerak ezartzen ari da sistematikoki. Azkeneko asteetan, gutxienez zortzi familiei esan die, abenduaren 1erako euren etxeak utzi behar dituztela. Baina kaltetuak gehiago dira, dozenaka familia”, adierazi du Izar Hernandok, EH Bilduko kideak.
Donostiako etxebizitzaren arazoa Grosen are okerragoa dela nabarmendu du Hernandok: “Grosek bere biztanleriaren %7 galdu du azken hamarkadan, Donostiak biztanleria irabazten zuen bitartean. Mirakruz eta Zurriola artean, kale askotan 5 biztanletatik batek utzi behar izan du auzoa. 2021ean, 100 auzotar baino gehiagok utzi behar izan zuten auzoa. Eta, bistan denez, aurten gehiago izango dira”.
Horrekin batera, ohartarazi du Gros dela babes ofizialeko etxebizitzarik ez duen auzo bakarra, eta etxebizitza turistikoen “masifikazio handia” dagoela. “300 baino gehiago dira, eta horietako asko lehenengo solairuaren gainetik daude. Lehen, etxebizitza horietako asko jendearen bizileku ziren. Bestalde, Grosen tamaina handiko hainbat hotel daude aurreikusita: Mariaren Bihotza eta Inmaculada Eskola, adibidez”, azaldu du Hernandok.
Egoera horren aurrean, “alternatibak” daudela gaineratu du EH Bilduko dira kideak. Besteak beste, premiaz hartu beharreko erabakiak aipatu ditu: “Alokairuaren prezioa legez mugatu behar da. Funts putre batek ezin du etxe bat erosi; biharamunean, %33 prezioa igo, Grosen Azora egiten ari den bezala; eta gero etxetik bota maizterrak ezin duelako ordaindu. Immorala izateaz gain, legez kanpokoa ere izan behar du. Horrez gain, etxebizitza sozial gehiago behar dira, batez ere espekulazioak gehien kaltetutako auzoetan. Azkenik, alojamendu turistikoen hazkundea mugatu egin behar da lehenbailehen. Gros eremu asebete izendatu behar da, atzerapen gehiagorik gabe. Donostiak ezin du gehiago itxaron”.