Bidaiariei kalte egin die, behin-behinean
Atotxako tren geltoki berria zabaldu dute, zaharra ordezkatuko duena 2024era arte, gutxienez. Irekierak izandako atzerapenak ehunka erabiltzaile tren zerbitzurik gabe utzi ditu hainbat orduz.
Ez zen iragarritakoa bete. Astelehen goizean ireki behar zuten Atotxako behin-behineko tren geltoki berria. Ordea, Euskal Trenbide Sareak (ETS) geltokia egokitzeko lanak bukatuta ez zituenez, Renfek goizeko aldiriko tren zerbitzuak bertan behera utzi zituen Irun eta Andoain artean. Azkenik, 12:30 inguruan zabaldu zuten geltoki berria, eta aldiriko tren zerbitzuak pixkanaka normaltasunera itzultzen hasi ziren. Orain, sarbide bakarra Egiako aldean dago, Nestor Basterretxea plazan, Tabakaleraren ondoan.
Pasa den asteburuan ez zuten zerbitzurik eman, Donostiako AHTren behin-behineko geltoki berriaren lanengatik. Halere, astelehenerako zerbitzua martxan egongo zela adierazi zuen Renfek, baina ez zen horrela izan. Aldiriko trenen ohiko erabiltzaile asko lantokietara eta ikastetxeetara joateko trenik gabe geratu ziren. Gainera, Renfek ez zuen ordezko autobus zerbitzurik jarri.
Barkamena eskatu dute
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak barkamena eskatu zuen geltokiko lanak garaiz ez bukatzeak eragindako kalteengatik. ETSk, berriz, aitortu zuen emandako epea ez zutela bete eta bidaiari asko kaltetu zituztela. Horrela ere, bidaiariei eragindako kalteen erantzukizuna beraiena ez dela gaineratu zuten. Gogoratu behar da Jaurlaritzaren mendeko ETS dela lanen arduraduna, baina geltokia Espainiako Gobernuaren mendeko Adif enpresarena da. Kudeaketaz, ordea, Renfe arduratzen da.
Eneko Goia alkateak asteartean aitortu zuen ez zegoela «bereziki pozik» astelehenean gertatu zenarekin: «Eusko Jaurlaritzak barkamena eskatu du, tren geltokiaren aldaketa horretan ez zutelako fin jokatu. Okerrena da erabiltzaileei kalteak sortu zizkietela, eta hori bera esan diot Jaurlaritzari».
Geltokia behin-behinekoa izanik, «bere mugak» dituela gaineratu zuen Goiak. «Horrekin bizi beharko dugu behin betiko geltokia eraikitzen den arte. Horrek ez du esan nahi egungo behin-behinekoak zerbitzuak bermatu behar ez dituenik».
Behin-behinekoa
Atotxako behin-behineko geltokiak bi nasa ditu bi trenbide orokorrekin, eta lurpeko atari bat oinarrizko zerbitzuekin: txartelen aurrez aurreko eta makina bidezko salmenta, makina balioztatzaileak, eta merkataritza lokalak eta igogailuak, erabiltzaileak goiko nasetara heldu ahal izateko. Bestalde, 1.200 metro koadro inguruko azalera du, eta azalera hori lanen ondorengo faseetan berrerabiliko da geltoki berriaren behin betiko lurpeko atariaren parte gisa, 7.200 metro koadroko azalera osatu arte. Horrela, Egiako tunela zabalduko dute, izan ere, 12,5 metro izango ditu tarterik estuenean; lehen, 4,5 metroko zabalera zuen.
Jaurlaritzaren arabera, lanak bukatzean, geltoki berri bat izateaz gain, Donostiak Egia inguruaren eta erdigunearen arteko lotura hobetuko du, tunel zabalagoarekin. Aldi berean, tunel hori trenen eta autobusen terminalerako sarbidea izango da, eta geltokiaren estalkiaren gainean zabalgune bat izango du. Tabakalerako lehen solairuaren mailan egongo da, 5.723 metro koadroko azalerarekin. Esther Ferrer artistaren obra batek jantziko du zabalgune hori. Zeramikazko piezekin egingo dute, eta eraikinaren sarreran kokatuko dute.
AHTaren geltokia
Atotxako geltokia Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Donostiako geltokia izango da, eta, horregatik egiten ari dira lanak. 2020an adjudikatu zituzten 80 milioi eurogatik, eta orduan itxi zuten Egiako tunela. Haren ordezko goiko behin-behineko pasabidea 2020ko urriaren 13an ireki zuten.
Egia eta Erdialdea lotzen ditu, eta alde bakoitzean igogailu bana du. 51,2 metroko luzera eta hiru metroko zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan.
Une honetan, tren zerbitzua Erdialdeko aldean hartzen zutenek aipaturiko pasabidea erabili beharko dute Egiako sarbide berri eta bakarrera joateko. Ondo bidean, Atotxako behin betiko geltokia 2024ko urtarrilerako irekita egotea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Ordura arte egongo da funtzionamenduan astelehenean ireki zuten behin-behineko geltokia.