Galtzaden azpian daude sustraiak
(Argazkia: Xalba Ramirez) Udamina beroa eta lehorra izan dela eta, udazkena aurreratu zitzaigula eta, hostoak abuztu eta irailerako hasi ziren arretzen, eta lurrak orbeltzen. Negu hotza heldu zaigunerako, ordea, badira oraindik platanondo eta bestelako hiri zuhaitzak hostoz jantzita dituztenak adarrak.
Kimaketak oso praktikoa dirudien arren, badu zerbait oso estetikoa: zuhaitzak gobernatzeko teknika da, guk aurreikusitako maneran haz daitezen. Klima aldatzen ez bada, guk aldatuko dugu. Derrigorrezko hezkuntza kimaketa modu bat dela otutzen zait orain.
Kimaketak kimaketa, tontoak hatzari begiratzen dio, edonora seinalatzen duelarik ere. Eta hostoei eta abarrei begiratzen diegun heinean, oinetara begiratzeaz ahaztu gara. Ez al zara inoiz ohartu, hiriko zuhaitzen sustraiak asfaltoaren azpitik ateratzen direla, bere bidea aldarrikatuz, galtzada-harriak lehertaraziz? Naturaren konspirazio mezu bat irakurtzen dut nik orduan: gobernaezin bilakatu!

