"Ezin dugu ulertu La Sirena aterpetxea gauero ez irekitzea, 100 leku izanda"
Donostiako Gizarte Kontseiluaren I. Saria jaso dute Eneko Goia alkatearen eskutik.
Pasa den ostegunean, Hiritarron Harrera Sarea saritu zuen Donostiako Gizarte Kontseiluak, zaurgarritasun egoeran dauden gazte migratzaileei ematen dieten sostenguarengatik. Harrera Sareak eskerrak eman dizkio Gizarte Kontseiluari, “benetan gordina den errealitate batean bizirauten duten gazte etorkinak bezalako kolektiboenganako, agertzen duen sentiberatasunagatik”.
Saria banatzearekin batera, espero dute erakundeek “dauzkaten baliabideak erabili ditzaten kalean bizi diren pertsonei ostatu emateko”. Harrera Sareak gogoratu duenez, “negua hemen da eta hotzak akabatzen gabiltza jadanik. Horregatik, ezin dugu ulertu La Sirena aterpetxea gauero ez irekitzea, 100 leku izanda”.
“Berriro luzatzen diegu deia Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari esku hartu dezaten. Egunotan eztabaidatu eta onartuko dira administrazio desberdinen aurrekontuak. Momentu aproposa da La Sirena, jadanik existitzen den baliabidea, erabilerarik gabe utzi eta alferrik gal ez dadin saihesteko neurriak hartzeko eta kalean bizi diren pertsonak, literalki, hotzak akabatu ez ditzan saihesteko”.
Urte hasieran, astero egin dute protestaldia Harrera Sareko kideek, arrazakeriaren kontrako hiriko beste hainbat kolektiborekin batera, kalean lo eginez. La Sirena aterpetxea egunero ireki dezaten eskatzen dute.