La Kontenedora espazioa sortu dute, hiriko kultura eredua eraldatzeko
Antso Jakitunaren hiribidean, zortzigarren zenbakian, lokal berri bat ireki dute hainbat artistek: La Kontenedora. Lokala, eta elkartea da, eta hiriko arte panorama eraldatzeko sortu dira. Espazio diafano batek osatzen du lokala, baina badu terraza polit bat; bertan egin dituzte goizean poesia emanaldi eta performaceak.
Jende ezberdin asko batu da elkartean, baina denek helburu bera dute, Elena Scaratti artistak azaldu digunez: “Arte garaikidearen espresio guztiak behatzea da gure helburua. Museoetan dagoena ez da garaikidea, 5, 10 edo 20 urte ditu. Garaikidea kalean dago”.
Bertikala vs errizomatikoa
Ez dute erakundeen parte izan nahi, eta hain zuzen, hori da Donostian ikusten duten arazorik handiena: kultura goitik behera antolatzen dela beti. Eredu bertikal-piramidalean, “beti du norbait goiko aldean, eta horrek pertsonen arteko komunikazio askea ekiditen du”. Scarattiren ustez. eredu bertikalak “unibertsoaren komunikazio librea ekiditen du. Pertsona bakoitza unibertsoaren obra baita. Zu hemen bazaude, zure harrikada egiten, gainontzekoei lotuta zaude”
Pentsamendu errizomatikoaren alde egiten dute, komunikazioa bide ahalik eta libreenean zabaldu dadin. Elenaren ustez, kapitalismoaren baitan, artistak interesa dauka saltzen dakien heinean. “Guri hori bost axola zaigu, guk nahi duguna da informazioa mugitzea, kultura elikatzeko nahi dugulako. Kulturaz elikatzeko, murgildu egin behar zara eta iturrira joan; kalera, alegia”.
“Goian dagoena” kendu nahi dute, mugarik gabeko arte espresioak eman daitezen. Irizpide estetiko eta formalaren arabera soilik hautatzen badira obrak, ez dira nahi ditugun konexioak sortzen. Espazioa horretarako da: “garaikidearen barruan, inongo mugarik gabe”.
Bazkide bila
“Hiriari ekarpena egingo diogu, eta espero dugu hiriak guri ere ekarpena egitea”. Bazkide bila hasiko dira urtarriletik aurrera, proiektua sostengatzeko.
Aurrera begira bertako artisten lanak salgai jarriko dituzte azoka batean, eta urtarriletik aurrera, jarduerekin hastea espero dute: tailerrak, lantokiak, erakusketak… ez dakite zer gertatuko den, baina “denetarik” izatea espero dute.
Abenduaren 8an Dabadaban egingo dute aurkezpena jendaurrean. Gaur bizilagunei eskainitako eguna zen, “prentsari deialdia luzatu diogu, eta ez da inor etorri, eta zuri ez dizugu deitu eta etorri zara. Hori da zoragarriena”.