Gertu izan dute
Nerea Eizagirre, Bartzelonaren aurkako partidan. (Argazkia: La Liga) Bartzelonak garaipena baino ez du ezagutzen, ligako gainontzeko taldeak baino askoz maila altuagoa baitaukate, baina katalanak porrota ezagutzeko zorian egon ziren larunbatean, Realaren aurkako partidan. Txuri-urdinak aurreratu ziren markagailuan, 43. minutuan, Le Guillyren gol batekin. Partida bizia izan zen, baina, azkenean, Bartzelonak buelta eman zion markagailuari: Torrejonek berdindu zuen neurketa 62. minutuan, eta Bronzek sartu zuen bigarrena, norgehiagoka bukatzear zela, 89. minutuan. Ligako seigarren postuan jarraitzen du Natalia Arroyoren taldeak.
Eskubaloian, Eurokopako Q3 kanporaketa Donostian erabakiko da, Bera Berak hiru golengatik galdu baitu Besançonen. Zortzi goleko abantaila izatera heldu zen etxeko taldea, baina donostiarrek porrota arintzea lortu zuten. Horrela, hilaren 11n jokatuko dute itzulerako partida, eta orduan erabakiko da kanporaketa.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek porrot mingarria izan du Bartzelonaren aurka: 80-66. Katalanak nagusi izan ziren, eta donostiarrek ezin izan zuten gehiago egin. Horrela, ligako hamabigarren postuan dago Ibaeta Basket.
Izotz hockeyan, Txuri Urdin ez da gai izan Jacan jokaturiko bi partidatan punturik batzeko. Larunbatean, 5-4 galdu zuten, garaipena eskura izan arren. Atzoko porrota, berriz, gogorragoa izan zen (4-1). Bosgarren postuan jarraitzen dute donostiarrek.
Bukatzeko, neguko kirolekin loturiko beste bi emaitza. Batetik, Lucas Egibar snowboarderra laugarren izan zen Munduko Koparen estreinaldian. Les Deux Alpes-en (Frantzia) jokaturiko proban, maila onean aritu zen donostiarra. Bestetik, Txuri Berri curling taldea bide onetik doa Munduko Txapelketa jokatu ahal izateko. Sailkatze fasean 10-3 irabazi zioten Hong Kongi eta 10-2 Eslovakiari.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Bartzelona 2 – Reala 1
Eskubaloia
Emakumezkoen Eurokopa, Q3 kanporaketaren joanekoa
- Besançon 32 – Bera Bera 29
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Bartzelona 80 – Ibaeta Basket 66
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 11. eta 21. jardunaldia
- Jaca 5 – Txuri Urdin 4
- Jaca 4 – Txuri Urdin 1

