Arrandegi eraikinak jatorrizko beiratea berreskuratuko du
Barruko lanek aurrera jarraitzen dute, eta laster kanpotik berrikuntza bat ikusi ahal izango da.
Udaleko iturrien arabera, eraikinaren jatorrizko beiratea bere lekuan jarriko dute bi aste barru. Beiratea garbitu eta berritu dute, eta buelta emanda jarriko dute. Horrela, hiriko armarria barrutik ikusi ahal izango da argi izpiak sartzerakoan.
Bretxako merkatu berria iragarritakoa baino beranduago irekiko dute. 2023ko urtarrilaren 31rako irekita egongo zela aurreikusi zuen udalak, baina martxora arte atzeratu du irekiera Baika enpresa emakidadunak.