Durangoko Azokaren aurtengo kartela Donostiako estudio batek sortu du
Ruben Ramos diseinatzaile gipuzkoarrak aurten ireki du Aise Studio-a Egia auzoan.
Bihartik igandera bitarte egingo dute 57. Durangoko Azoka, Eztanda! lelopean. Hain zuzen ere, hori da aurtengo kartelak irudikatzen duena. Urnietako Ruben Ramos diseinatzaileak egin du kartela Egian duen Aise Studio-an. Ramos bera ere Egian bizi da.
Artistak honela azaldu du kartelaren kontzeptua: “Unibertsoaren eta ‘big bang’-aren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da”. Kartel garaikidea dela gaineratu du. “Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin”. Kartela ez ezik, Ramosek ikono berri bat sortu du DA! irudi korporatiboarekin batera zabalduko dena: “Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena”.
Ramos ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailea da. Azken urteotan hainbat agentzia, negozio txiki, konpainia handientzat eta erakunde publikoentzat lan egin du. Horrez gain, musikaria ere bada, eta hainbat talderekin plazaratu ditu diskoak: Nerabe, Los Sanchos eta Bananas, besteak beste.