Bidebietako Gabonetako argien lehiaketa abiatu dute
Bidebietako etxebizitza bat, Gabonetako argiekin apainduta. (Argazkia: Bidebieta-La Paz bizilagunen sarea) Hirugarren urtez, Bidebieta-La Paz bizilagunen sareak Gabonetako argien lehiaketa antolatu du auzoan, Argitu zure balkoia eta eraman turroia! lelopean. Bizilagunak euren balkoi eta leihoak eta establezimenduak euren erakusleihoak apaintzera animatzea da lehiaketaren helburu nagusia, eta auzoko establezimenduekin elkarlanean osatu ohi dituzte sarien saskiak. Aurten, gainera, sortu berri den Bideak auzo elkartearen babesa dauka lehiaketak.
Bizilagunek zein establezimenduetako arduradunek hilaren 18ra arte izango dute balkoiak, leihoak edo erakusleihoak apaintzeko, eta sarearekin harremanetan jarri beharko dira, jarritako argiztapenaren argazkiak bidaltzeko. Facebook bidez edo bidebietalapazgureauzoa@gmail.com helbide elektronikora idatzita jarri daitezke harremanetan sarearekin.
Ondoren, auzokoek hilaren 20an eta 21ean bozkatu ahalko dute, eta 22an emango dute irabazleen berri. Hurrengo egunean, hilaren 23an, sari banaketa egingo dute. Lehiaketaren oinarriak hemen irakur ditzakezue.

