Azparren anaiak elkarrekin ariko dira Euskaltel Euskadin
Enekoitz eta Xabier Mikel Azparren anaiak. Enekoitz Azparren (Donostia, 2002) gazteenak jauzia eman du, eta Xabier Mikel Azparren (Donostia, 1999) zaharrenak kontratua berritu du. Bi anaiek Euskaltel Euskadi taldean bat egingo dute datorren denboraldian.
Bi urterako kontratua sinatu du Enekoitzek, Laboral Kutxa harrobiko taldean aritu ondoren. Afizionatuetan bigarren urtea egin du, eta duen kalitatea erakutsi ahal izan du. 23 urtez azpiko lehiaketa garrantzitsuetan parte hartu du. Besteak beste, Italiako Giroa, Mediterraneoko Jokoak, Etorkizuneko Tourra eta Munduko Txapelketa. Haren garaipenak Ereñon eta Natxituako Euskadiko Txapelketan lortu zituen; Bidasoa eta Nafarroako etapetan garaipena gertu izan zuen (hirugarren sailkapen nagusian Nafarroan); laugarren izan zen ordekako Espainiako Txapelketan eta seigarren erlojupekoan; 24. amaitu zuen Etorkizuneko Tourra eta lan bikaina egin zuen taldekideentzat Munduko Txapelketan.
“Euskaltel Euskadira jauzi egin ahal izateak ilusio handia egiten dit. Txikitatik ari naiz pentsatzen horretan, bizikletan ibiltzen hasi nintzenetik. Maila profesionalera pasatzea oso gauza polita da, eta Xabier Mikel anaiarekin maillot laranja partekatzeak ilusio berezia egiten dit zalantzarik gabe”, azaldu du Enekoitz Azparrenek.
Aldiz, hirugarren sasoia beteko Euskaltel Euskadin Xabier Mikelek. 2021ean egin zuen debuta, eta iaz denboraldi baterako luzatu zuen kontratua. Beste talde batera joango ote zen zurrumurruak zeuden, baina, azkenik, Euskaltelen jarraituko du. Bere bigarren sasoian etapa bat irabazi eta bigarren bukatu zuen Alentejoko itzulian. Era berean, brontzea eskuratu zuen erlojuaren kontrako Espainiako Txapelketan.
“Oso pozik nago egitura honen parte izaten jarraitzeagatik. Pausoak ematen ari naizela pentsatzen dut urtez urte. Leku ona da hobetzen jarraitzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Batez ere, zoriontsu eta ilusio gehien egiten didana nire anaiarekin taldea partekatzea da. Urte asko daramatzagu elkarrekin entrenatzen eta Enekoitzekin jarraitzeko aukera izateak ilusio handia egiten dit”, adierazi du Xabier Mikel Azparrenek.

