EH Bilduk Mugi txartelaren deskontuen inguruan galdegin dio Eneko Goiari
Mugi txartelak tarifa berrituak izango ditu urte amaiera arte Gaurko udal batzordeetan garraio publikoaren deskontuez aritu dira, besteak beste. EH Bilduk Eneko Goia alkateari gaiari buruzko azalpenak eskatu dizkio, 2023ko Mugi txartelaren deskontuen inguruko konpromisorik hartu ez duelako.
Garbiñe Alkiza zinegotziak hainbatetan galdetu dio Goiari, baina “ez du argitu” laguntza hauek finantzatzeko aurrekontuetan diru sail bat gordeko duten ala ez. “Aitzakiak zerrendatzeari uzteko” eskatu dio alkateari Alkizak, eta “borondate politikoarekin” lotura duela donostiarrek ere laguntza “garrantzi hori” izatea: “Batez ere, prezioak igotzen ari diren eta krisi ekologiko zein energetikoan murgilduta gauden garaiotan”.
Laguntza nork finantzatuko duen argitu arte Donostiak ez duela aurrekonturik izango erantzun dio Goiak Alkizari. “Erakunde guztiak konprometitu dira laguntzekin, funtsak Eusko Jaurlaritzatik edo Madrildik iritsiko diren zehaztu arte itxaron gabe. Izan ere, garraio publikoaren deskontuen inguruan adostasun politikoa dago eskumenak dituzten erakunde guztietan, eta gehiengoa Donostiako Udalbatzan”, nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak.
“Mugi anonimoa deskontuetan sartzea izan da, berriro ere, horiek babestea saihesteko arrazoi nagusietako bat. Dbuseko bidaien %6 baino ez da, eta Garraio Sailak aurreikusitako finantzaketaren banaketarekin (1,7 milioi Donostiarako), txartel anonimoa sartzeak edo ez sartzeak ez luke 50.000 euro baino gehiago ekarriko. Ez dirudi, jakina, ia 500 milioi euroko udal aurrekontuak geldirik edukitzeko adina diru denik”, gaineratu du Alkizak.
EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du zertan Madrilen deskontuen luzapena adostu arte itxaron behar, “Eusko Jaurlaritzak dirua duelako, behar soziala dagoelako eta eskumenak baditugulako”. Madrildik finantzaketa iristen bada, “ongietorria” izango dela esan du udal taldeak, “baina hori ezin da izan deskontuak luzatzeko edo ez luzatzeko baldintza”. “Ezta Donostiako 2023ko aurrekontuak geldirik mantentzeko baldintza ere”.


