Kirol Txartelaren abonuak abenduaren 19tik aurrera hasi ahal izango dira izapidetzen
Kirol Txartela. Kirol Txartelaren abonu berriak abenduaren 19tik aurrera tramitatu ahal izango dira, online, Donostia Kirolaren bulegoetan eta herritarrentzako arreta zerbitzua eskaintzen duten udal kiroldegietan.
2023an, eskuragarri dauden Kirol Txartelaren modalitate guztiak mantenduko dira. 2021ean sortutako hileko abonuak ere mantenduko dira. Ildo horretan, Martin Ibabe Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, abonu horiek “oso harrera ona” izan dute 2022an, 16.000 abonu baino gehiago egin baitira urte osoan zehar. “Adingabeentzako hileko abonuak, 2002. urtean abian jarritakoak, 1.000 abonu baino gehiago izan ditu. Abonu mota hori nahi den egunean kontratatu daiteke, eta edozein unetan berritu daiteke. Udalaren kirol zerbitzu guztiak 30 egun naturaleko epean erabiltzeko eskubidea ematen du”, jakinarazi du Ibabek.
Kirol Txartelak hamazazpi kirol instalaziotarako sarbidea emango du 2023an, eta aukera emango du igerilekuak eta gimnasioak libre erabiltzeko, oinarrizko entrenamendu pertsonalizatua egiteko, doako kirol jarduerak egiteko, Kirol Ekintzak Kanpainako ikastaroen prezioetan %50eko deskontua izateko eta Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzura sartzeko.
Halaber, hondartzetako kabinak erabiltzen jarraitu ahal izango dute neguko denboraldian, eta zozketa esklusiboetan parte hartu ahal izango dute webguneko abonatuaren gunearen bidez.
Gainera, 2023rako berrikuntza gisa, Donostia Eusko Jaurlaritzaren Kirol Txartela Mugiment txartelari atxikiko zaio, eta, beraz, Donostia Kirolan abonatutako pertsonek doan erabili ahal izango dituzte EAEko beste herri batzuetako instalazioak eta zerbitzuak. Zerbitzu hori otsailetik aurrera martxan jartzea aurreikusten da.


