Gaztetxe berria du Donostiak: Urgulleko Guardetxea okupatu du gazte asanbladak
Kalejira aprobetxatuz, hainbat gaztek Urgulleko Guardetxea ireki dute, hainbat urtez "udalak utzikeriaz baztertua duena".
Pasa den larunbatean, auzoko gazte eguna antolatu zuen Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Auzoa ez dago salgai dinamikapean. Egitarauarekin batera egindako kalejira aprobetxatuz, hainbat gaztek Urgulleko Guardetxea ireki zuten, hainbat urtez “udalak utzikeriaz baztertua duena”.
Guardetxea hainbat urtez itxita egon da, hamarkada batez Banda Bat elkarteak kudeatu ostean. Eraikinaren egoera txarra zela eta, udalak ez zuen adjudikazio gehiagorik eman, eta eraikina zigilatu zuen 2019ko udan.
Dinamika honen baitan, “agintari politikoek eta jabe handiek auzotarron bizitzaren ordez elite ekonomikoaren interesak lehenesten dituztela” salatu nahi izan dute. Parte Zaharrak bizi duen egoera muturrekoa dela iritzi dute: “Hotel, pentsio turistiko edota enpresa multinazionalen ugaritzea, etxebizitza prezioaren gorakada mugagabea, kaiaren eta bestelako espazio publikoen pribatizazio prozesua, kasino eta joko aretoen presentzia, komertzio txikien itxiera eta abar”.
Nabarmendu dutenez, gainera, urtarrilean jada lau urte beteko dira Donostiako Udalak Kijera gaztetxea itxi zuenetik, eta neurri horrekin auzoko gazteen egoera okerrera joan zela salatu dute: “Kale gorrian utziz, gure artean sozializatzeko, antolatzeko eta aisialdirako espazio fisikorik gabe egotera kondenatuz”.
AZGAk egitarauan parte hartu zutenei eskerrak eman dizkie, eta dei egin du Guardetxearen irekierari jarraipena ematera. Horretarako, ostiralean, hilaren 16an, auzolana egiteko deia egin dute, 16:30etik aurrera.