Iban Illarramendi ilustratzailearen txanda iritsi da
Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokora iritsi da Iban Illarramendi (Zarautz, 1973) artistaren lana. Martxoaren 19ra arte haren ilustrazioak ikus daitezke. Illarramendi txikitan hasi zen marrazten, eta ez dio inoiz utzi. Urte batzuetan beste lanbide bat izan ondoren, ilustraziotik bizitzea erabaki zuen.
Zarauzkoaren sorkuntza lanek natura, itsasoa eta orokorrean euskal sustraiekin harremana duten elementuak dituzte abiapuntu. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztu bat erabiltzea gustatzen zaio. Ilustratzaileak berak aitortzen duenez, bere ilustrazioak “geometrikoak eta delikatuak” dira, eta teknika mistoak, analogikoak zein digitalak erabiliz egiten ditu; lettering-ak ere badu tokia bere sormen lanean.
Ilustratzailearen ibilbidea
Publizitateko Diseinu Grafikoko ikasketak ditu Illarramendik, eta Ilustrazio Digitalean ere titulatua da University of the Arts London-en egindako ikastaro bati esker. Etengabe prestatzen aritu da azken urteotan, eta horretarako maite dituen ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoen lantegi eta ikastaro ezberdinetan parte hartu du. Hala nola, Javier Zabala, Isidro Ferrer, Jesus Cisneros, Guridi eta Elena Odriozolarekin.
Bakarkako eta taldeko erakusketa hainbatetan parte hartu izan du. Besteak beste, berriki 2022ko Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan FADIPek (Ilustratzaile Profesionalen Elkarteen Espainiako Federazioak) antolatu duen ILUSTRACIÓN, una literatura visual erakusketarako hautatua izan da. Ilustratu izan dituen euskarrien artean liburuak, kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoak, arropak eta argitalpen ezberdinetako azalak daude. 2019an, Zarauzko Udalak Emakumearen eguna iragartzeko antolatzen zuen kartel lehiaketa irabazi zuen.
Haur eta gazte literaturari dagokionez, Galtzagorri elkarteak antolaturiko MarraziOak eta Biko-Teka lantegietan hartu izan du parte. Azken honetan, 2022an Eider Perezekin batera abiatu zuen proiektuak irabazi du album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria Kiratsa lanarekin, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena.

