Zinemaldiaren 70 urteko artxiboa online jarri dute, Creative Commons lizentziekin
Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago eskuragarri daude gaurtik, aurrez aurre, nahiz online kontsultatzeko, artxiboa.sansebastianfestival.com webgunean. Tartean dira urte hauetan gordetako korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak eta aldizkariak, besteak beste.
Horrez gain, webguneak 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du. Fitxa horietan deskribatutako materialak aztertu ahal izango dira, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero.
Artxiboa webgunearekin burutu da 2018an Donostia Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak hasitako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasea. Proiektu horren xedea da Zinemaldiaren artxibo historikoa –Zinemaldiaren sorreratik, 1953tik, gorde dena– kontserbatzea, ikertzea eta kontsulta publikora zabaltzea. Ekimenaren kolaboratzaileak dira Euskadiko Filmategia, MedialabTabakalera eta Kutxa Fundazioa, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak babesten du.
Webguneak sekzio ugari ditu, eta, haien bidez, Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatu daiteke. 70 edizioak izeneko atalean, edizio bakoitzeko datuak kontsulta daitezke, urtez urte. Ikerketak atalaren barruan dago Historiak sekzioa –artxiboko materialetatik abiatuta egindako dibulgazio-saiakuntzak– eta bertsio digitalean biltzen ditu gaur egun arte egindako argazki-erakusketak, bai eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazioa ere. Bilduma digitalak atalean daude Hilabeteko dokumentua sekzioa, Zinemaldiko egunkariak, kartelak eta argazkiak. Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak daude; eta Bisitatu eta kontsultatu artxiboa atalak materiala online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduari buruzko informazioa eskaintzen du.
Webgunea asteleartean aurkeztu dute Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan proiektuaren bultzatzaileek, kolaboratzaileek eta babesleak, eta bertan honako hauek daude eskuragarri: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 711 ale –1954tik gaur egunera arteko aleak kontserbatzen dira–; Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere. Webgunean eskura daitezkeen digitalizazioak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude argitaratuak, salbu eta egile-eskubideengatik beste lizentzia murriztaileago batzuen pean argitaratu behar direnak.
Proiektuaren izenburuarekin bat etorriz –Zinemaldia 70: historia posible guztiak–, pertsona bat webgunera sartzen den bakoitzean, ongietorri-orriak edukien lagin berri bat osatuko du artxiboko material desberdinetatik abiatuta. Horrela, webgunearen aurkezpena ez da inoiz berdina, eta konbinazio amaigabeak ditu. Konbinazio horiek, gainera, ugaritu egingo dira, fitxategia digitalizazio berriekin aberasten den heinean. Lehen fase hori amaitu ondoren, taldeak lanean jarraituko du funtsak kontserbatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko prozesuetan –etorkizunean ikus-entzunezko materiala ere sartuko dute–, bai eta artxiboaren inguruko ikerketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen ere.
Aurkezpen publikoa Donostian
Larunbatean, hilak 17, Donostia Zinemaldiaren artxiboa jendaurrean aurkezteko jardunaldia izango da Tabakalerako zinema aretoan. 16:30ean, solasaldia egingo da, eta Pablo La Parra Pérez ikerketa proiektuaren arduradunak egingo ditu moderatzaile lanak. Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Carlos Muguiro (Elias Kerejeta ZineEskola), Arantza Mariskal (MedialabTabakalera), Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategia) eta Ane Abalde (Kutxa Fundazioa) izango dira gainerako parte hartzaileak.
Ondoren, 17:15ean, Lorena Soria, Andrea Sanchez eta Anna Ferrer Homs zaharberritzaile eta kontserbatzaileek funtsak kontserbatzeko eta katalogatzeko prozesuaren gako teknikoak azalduko dituzte mahai-inguru batean. Irati Crespok, Zinemaldia 70 proiektuaren koordinatzaileak, modu praktikoan azalduko ditu Zinemaldiko funtsetara sartzeko gakoak, Un archivo abierto: acceso, consulta y uso de materiales hitzaldian. Ondoren, La Parrak Un archivo vivo: investigación y pensamiento hitzaldia emango du. Jardunaldia amaitzeko, EKZEko lehen promozioko ikasle izandako Clara Rus egilearen ¿Cuáles son nuestros años? film laburra proiektatuko da, EKZEko ikasleek 2018an artxiboarekin izandako lehen kontaktua dokumentatzen duena.

