Bueltan da San Silvestre lasterketa, normaltasun osoz
Urte amaierako lasterketa ezaguna Easo plazan hasi eta bukatuko da abenduaren 31n. 5.000 lagunek hartu ahal izango dute parte, eta, antolatzaileentzat garrantzitsuena da 7,8 kilometroko ibilbidean jendeak gozatzea. Aurten, 14:00etan hasiko da, derbia dela eta.
Urtea behar bezala bukatzeko, abenduaren 31rako San Silvestre lasterketa antolatu dute Donostian aurten ere. Iaz, COVID-19ak eragindako pandemia zela eta, uste baino parte hartzaile gutxiago atera ziren lasterketan, baina, aurten, beti bezain alaia eta jendetsua izatea espero dute; normaltasunera itzultzea, hain zuzen ere.
Xabier Altuna antolatzailearen arabera, iaz, zalantzak izan zituzten, baina lortu zuten azkenean segurtasun neurri guztiekin urte amaierako festa horrek aurrera egitea. “4.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena, baina lasterketaren egunean, gezurra badirudi ere, 2.400 lagun inguru atera ziren. Jende pila batek eman zuen izena, gero ez etortzeko”, aitortu du. Hala ere, dena “ondo” atera zela uste du.
Aurtengo lasterketan gehienez 5.000 lagunek hartu ahal izango dute parte. “Gure erronka ez da plaza guztiak betetzea. 3.500era iristen bagara, pozik egongo gara. Gu ez gara arlo honetako profesionalak, eta gure erronka handiena da egiten ditugun gauzak ondo egitea, eta jendea pozik etortzea. Batez ere, inori ezer ez gertatzea gustatuko litzaiguke”, aitortu du Altunak.
Izen ematea urrian zabaldu zuten, eta, Altunaren arabera, dagoeneko plazen %50 baino gehiago okupatuta daude. Gaineratu du emakumeak direla izen emateak azkarren egiten dituztenak. “Suposatzen dut emakumeak hobeto antolatzen direla, izan ere, azken urteetan, izen emateak zabaltzen ditugunetik abendura arte, gehienak emakumeak izaten dira. Gizonezko gehienek abenduan ematen dute izena, normalean. Iaz, lasterkarien %37 emakumeak izan ziren”, jakinarazi du.
Adinari dagokionez, izen ematen duen jende gehiena 30 eta 50 urte artekoa dela azaldu du antolatzaileak.
7,8 kilometroko ibilbidea
Korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Irteera eta helmuga, azken urteetan bezala, Easo plazan izango dira. Easo kaletik San Martin kalera abiatuko dira, hortik Kontxa pasealekura eta handik Ondarretaraino. Ondarretan lasterketak espaloia hartuko du, Kaiaraino. Portaletatik Parte Zaharrera joango dira, eta, ondoren, Zurriolara. Handik Bulebarrera abiatuko dira korrikalariak, eta Askatasunaren hiribidetik Easo plazara zuzenduko dira, San Silvestre lasterketa bertan bukatzeko.
Altunak zehaztu duenez, lasterketa hau korrika bakarrik egin daiteke, ez baita egokia beste modalitate batzuetan egiteko. “Kontuan hartu behar da lasterketa hau ez dela errepidean bakarrik egiten, espaloia ere hartzen duelako zati batzuetan. Esku bizikletarekin ateratzeko aukera ere ez dugu aurreikusten, beraz. 1990eko hamarkadan dena errepidetik egiten zen, eta hiru edo lau pertsona esku bizikletarekin etortzen ziren. Baina duela hainbat urtetatik lasterketa hau espaloian ere egiten da, eta ezinezkoa da”, nabarmendu du.
Parte hartzaileek dortsalak abenduaren 29an eta 30ean jaso ahal izango dituzte, 11:00etatik 19:00etara, Amara kaleko frontoian.
Bi ordu aurreratu dute lasterketa
Abenduaren 31n Realak Osasunaren aurka jokatuko du Anoetan, 16:15ean. Derbi hori dela eta, San Silvestreren antolakuntzak lasterketa bi ordu aurreratzea erabaki du, jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan. “Ez dakigu lasterketa aurreratzeak nola eragingo duen, baina udalak eskerrak eman dizkigu. Izan ere, Donostian Realaren partida bat eta lasterketa bat ordu berean izatean, beraientzat dena antolatzea ere zailagoa izango litzatekeela suposatzen dut. Lasterketara etortzen dena etorriko da, eta, gero, gainera, Anoetara joateko aukera ere izango du”, nabarmendu du Altunak.
San Silvestrera animatzen direnen artean, beti bezala, hainbat sari banatuko dituzte. Sailkatzen diren lehenengo bost emakumezkoei nahiz gizonezkoei sari bana emango diete, eta lehenengoei baita txapela ere, IRUTXULOKO HITZAren eskutik.
Horrez gain, mozorrotuta parte hartzen duten guztien artean, otar eder bat ere banatuko dute. “Ibilbidean zehar, hainbat pertsona arduratzen dira zein mozorro dauden aztertzeaz, eta mozorro onenarentzako saski bat prestatzen dugu. Aztertzaileek sari banaketaren unean esaten digute mozorro onena norena den, eta normalean taldeak izaten dira sarituak. Baina pertsona bakar bati ere eman izan diogu saski hori”, jakinarazi du.
Izan ere, San Silvestren bertan parte hartzen duten lagun taldeengatik da ezaguna, neurri handi batean behintzat. “Aurten ez dut begiratu, baina Gipuzkoan abenduaren 31n zenbatu izan ditut 38 lasterketa. Gainerako antolatzaileekin hitz egin izan dugu, eta denok pentsatzen dugu lasterketa honetan parte hartzen duela urtean zehar kirolik egiten ez duen jendeak, edo beste mota bateko kirola egiten duenak”, zehaztu du.
Urtean zehar kirola egin edo ez, argi dago San Silvestre urtea ondo bukatzeko lasterketa bat dela, eta hori da antolatzaileek duten erronka bakarra ere. “Urte asko daramatzat antolakuntzan, eta nire erronka bakarra beti izan da jendeak alaitasunez parte hartzea, eta denok ondo pasatzea. Aurten, normaltasun osoz egingo dugu lasterketa berriro ere, beraz, arrazoi gehiago ditugu guztiok urtea behar bezala bukatzeko”, nabarmendu du.