Udaltzaingoak Guardetxea itxi du
Donostiako Udaltzaingoak Urgulleko Guardetxea itxi egin du, eta ez die utzi Parte Zaharreko gazteei gunea gaztetxe bihurtzen hasteko auzolana egiten. Gertatutakoa sare sozialetan salatu du gazte asanbladak, eta “hurrengo deialdietara adi” egotera deitu dituzte herritarrak.
Guardetxea pasa den larunbatean okupatu zuen gazte asanbladak, gunea gaztetxe bihurtzeko helburuarekin. Horretarako, auzolanera deitu zuten gaurko (hilak 16), eremua txukuntzen hasteko, eta abar. Azken egunotan, udalak Guardetxea kateekin itxi duela salatu dute gazteek sare sozialetan, baina kate horiek hautsi eta gunera sartu ziren asanbladakoak.
Urtarrilean, lau urte beteko dira Donostiako Udalak Kijera gaztetxea itxi zuenetik, eta neurri horrekin auzoko gazteen egoera okerrera joan zela salatu dute asanbladakoek: “Kale gorrian utziz, gure artean sozializatzeko, antolatzeko eta aisialdirako espazio fisikorik gabe egotera kondenatuz”.