Beñat Gaztelumendik seigarren bukatu du finala
Maialen Lujanbiok jantzi du Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela, hirugarrenez.
Emozioz beteriko finala izan zen atzokoa Nafarroa Arenan, eta Maialen Lujanbiok eskuratu zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela, hirugarrenez. 2009an eta 2013an bezala, Amets Arzallusekin aritu zen buruz-burukoan, eta, azkenean, 2.240 punturekin sailkatu zen lehenengo postuan. Beñat Gaztelumendi donostiarra, berriz, seigarren tokian sailkatu zen.
13.300 lagun batu zituen finalak Iruñeko Nafarroa Arena gunean, eta sekulako giroa izan zen bertan egun osoan zehar: bertsolariei animoak, txalo zaparradak, olatuak, eta emoziozko malko batzuk ere bai. Azkenean, horrela gelditu zen bertso markagailua Lujanbioren garaipenaren atzetik: Amets Arzallus txapeldunorde izan zen 2.166 punturekin; hirugarren postua Aitor Mendiluzek lortu zuen (1.507 puntu); laugarren tokia Sustrai Colinarentzat izan zen (1.495 puntu); bosgarren finalista Alaia Martin izan zen (1.493,5 puntu); Gaztelumendi ere fin aritu zen bertsoaldi bakoitzean, baina, esan moduan, ezin izan zuen buruz-burukora sailkatu, seigarren postuan kokatu baitzen 1.443,5 punturekin. Zazpigarren postuan Nerea Ibarzabal geratu zen (1.435 puntu), eta zortzigarren postua Joanes Illarregirentzat izan zen (1.421 puntu).
Honakoa da Maialen Lujanbiok txapela buruan zuela kantatu zuen amaierako bertsoa:
Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko, beraz,
laguna altsa hadi!
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.