Bera Berak zortzigarrenez irabazi du Superkopa
Bera Bera 2022ko Espainiako Superkopa(Argazkia: Bera Bera) Final estua jokatu zuten atzo, Bera Berak eta Malagak, andaluziarren kirol pistan. Horrela ere, Donostiako eskubaloi taldeak lortu zuen zortzigarren Superkopa altxatzea (25-26). Partida bukatzeko 3o segundo falta zirenean, Shula Gavilanek egin zuen gol erabakigarria. Malaga markagailuan aurretik izan zen une askotan, eta baita atsedenaldian ere. Horregatik, Bera Berak lorturikoak meritu handiagoa du, defentsan egindako hutsei buelta emateko gaitasuna izan zutelako. Denboraldiko lehen titulua dagoeneko eskuartean dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek berriz ere galdu egin zuen. Oraingoan, Gaska kiroldegian Girona indartsuaren aurka (53-68). Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeari asko kostatzen ari zaio porroten bolada kaskarra etetea. Europatik kanpo geratu zirenetik, ligan ere nabarmen egin dute behera.
Futbolean, Munduko Txapelketak eragindako geldiunea aprobetxatzen ahalegindu da Reala. Horretarako, bi lagunarteko jokatu dituzte, eta bigarren ostiralean izan zuten Elland Road futbol zelaian, Ingalaterran. Aurrez aurre, Leeds United izan zuten, eta markagailuan aurreratu baziren ere, txuri-urdinek galdu egin zuten (2-1). Martin Zubimendi donostiarraren gola ez zen nahikoa izan ezustekoa emateko. Reala etzi itzuliko da lehia ofizialera. Coriaren aurka ariko dira Espainiako kopan, 21:00etan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten etxean Bartzelona bigarren sailkatuaren kontra (7-3). Sailkapeneko bosgarren postuan daude hamar neurketa jokatuta. Neskek, berriz, porroten ohiturari eutsi zioten. Valdemororen kontra ere ezin izan zuten irabazi (2-0).
Neguko kirolei dagokienez, Lucas Egibar snowboarder donostiarrak laugarren bukatu zuen atzo Cerviniako Munduko Kopako bigarren lasterketan. Larunbatean, berriz, bederatzigarren bukatu zuen. Horrela, Munduko Kopako sailkapen nagusian seigarren dago 129 punturekin. Alvaro Romero donostiarrak, berriz, 28. postuan bukatu zuen larunbatean eta 17. atzo. Sailkapen nagusian 30. tokian dago 17 punturekin.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen Superkopa
- Malaga 25 – Bera Bera 26
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Ibaeta Basket 53 – Girona 68
Futbola
Gizonezkoen lagunartekoa
- Leeds United 2 – Reala 1
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Txuri Urdin 7 – Bartzelona 3
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Valdemoro 2 – Txuri Urdin 0

