Donostiako azpiegitura hidrikoak ezagutzeko programa prestatu du udalak
Donostiako Udalak egitasmo bat jarri du abian, herritarrei ur horniduraren eta saneamenduaren kudeaketa, azpiegiturak eta etorkizuneko erronkak erakusteko, ikus-entzunezko kanpaina didaktiko baten eta bisita gidatu programa baten bidez.
Hiri Mantentze Zerbitzuetako zinegotzi Miguel Angel Diezek adierazi duenez, egitasmoaren helburua da herritarrei argi eta erraz ulertzeko moduan erakustea ura kudeatzeak zer erronka dakartzan, “batez ere gaur egungo munduan, klima aldaketak ekar dituen ondorioak kontuan izanda”. “Hiriko azpiegitura hidrikoetan egunero egiten den lana erakutsi nahi diegu donostiarri, bai urez hornitzeko sarean, bai eta saneamendu sarean egiten dena ere”, adierazi du Diezek.
Bisita gidatu programa, euri-urei eusteko deposituaren funtzionamendua ezagutzeko
Hiriko sare hidrikoetara egingo diren bisita gidatu batzuek zerbitzu horren eguneroko errealitatea erakusten dute. “Morlansko ekaitz-tanga bisitatzea aukeratu dugu. Euri erauntsi handiak izaten diren egunetan euri-ura bildu eta gorde egiten du hark, uholderik ez izateko Amaran”, esan du Diezek.
Depositu hori ez da herritarrentzat irekita egoten, baina “berebiziko garrantzia” duen ekipamendua da, horrelako gainerakoak bezala. Bisita gidatuak doakoak izango dira, eta otsailaren 26rako (11:30-13:30, gaztelaniaz) eta martxoaren 5erako (ordutegi bera, euskaraz) programatu dira. Topagunea Leire plaza izango da, ibilgailuen udal gordailuan. Izen-emateak abenduaren 21etik aurrera egin ahal izango dira Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bidez.
Ikus-entzunezko kanpaina
Osagarri gisa, Donostiako Udaleko Uren ustiapen eta saneamendu zerbitzuak ikus-entzunezko kanpaina bat ere egingo du sare sozialetan, herritarrak hiriko azpiegitura hidriko nagusien berri izateko eta haietan zer prebentzio, mantentze eta egokitzapen lan egiten den jakiteko.
“Labirinto bihurri eta handi bat osatzen dute sare horiek gure lur azpian, eta, ikusten ez baditugu ere, funtsezkoak dira uraren hornidura eta saneamendu egokia bermatzeko. Hori dela eta, oso garrantzitsua da sare horiek eraginkortasunez kudeatzea eta kasu eginda edukitzea. Hortik dator jardueraren izena ere, Uraren labirintoak“, adierazi du Diezek.