Gazteei alokairurako laguntzak bermatzea eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk urteko azken udalbatzarrera eramango du gazteentzako etxebizitza alokairuaren gaia. Zehazki, gazteak alokairurako laguntzetatik kanpo gera ez daitezen neurriak hartzeko eskatuko dute. Udal taldeak dio 36 urtetik beherako donostiarrak ezin direla Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programatik kanpo geratu.
Hain zuzen ere, Gaztelugun programaren helburua da gazteei etxebizitzak alokatzeko laguntzak ematea. Halere, laguntza hori jaso ahal izateko, Donostiako gazte gehienak kanpoan uzten dituen baldintza bat duela ohartarazi du EH Bilduk: “Urteko errenta hileko 800 eurotik gorakoa ez izatea eskatzen du”.
Udal taldeak gaineratu duenez, Donostian etxebizitza alokatzeko batez besteko prezioa Eusko Jaurlaritzak gehieneko errenta bezala ezarrita daukana baino “askoz handiagoa” da: “Etxebizitza Sailaren datuen arabera, 2021ean Donostian alokairuagatik jarritako fidantzen hileko batez besteko errenta 924,50 eurokoa izan zen. Eta seguruenera 2022an igo egingo da. Hau da, Eusko Jaurlaritzak gazteei zuzendutako programa bat du, kanpoan uzten dituena Donostian diren alokairu gehienak”.
Pasa den asteko udal batzordeetan, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak adierazi zuen aurten 84 laguntza bideratu dituela Donostian Eusko Jaurlaritzak. “Donostiako Etxegintzak etxebizitza-eskatzaileen gainean dituen azkeneko datuen arabera, 36 urte baino gutxiagoko 6.370 pertsonak eskatu du alokairuko etxebizitza izatea gurean. Etxebizitza Erakunde Publikoan diren etxebizitza eskatzaileen zerrendek akaso eguneraketa bat behar dutela onartu arren, argi dago, eta ukaezina da, hortik kanpora uzten ari direla alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gazte gehienak”, adierazi du EH Bilduk.