Ezohiko San Sebastian eguna izan zen
Helduen danborrada bertan behera geratu da aurten. Gabonak amaitu bezain laster, Eneko Goia alkatea danborradako konpainiekin elkartu zen, 2022ko San Sebastian egunaren inguruan erabakiak hartzeko. Izan ere, egoera “konplikatua” zela adierazi zuen, garai horretan zeuden kutsatze kopuruengatik. Hala ere, hainbat konpainia aurreratu egin ziren, eta osasun egoera dela eta, aurtengo danborradan ez zutela parte hartuko adierazi zuten. Guztira, bost konpainiak hartu zuten erabakia: Aldapeta Ikastetxea, Catedral Centenario, Eiztari Etxea, Euskal Billera eta Peña Anastasio.
Azkenean, urtarrilaren 7an iritsi zen esperotako erabakia. Donostiako Udalak danborrada bertan behera uztea erabaki zuen, helduen zein haurren danborradetako ordezkariekin bildu ostean. Goiak adierazi zuen erabakia “zaila, baina osasun arloan beharrezkoa” izan zela. Era berean, udalak azaldu zuen ez zuela bandera igoerarik ez jaitsierarik antolatuko, ezta haur danborradan Alderdi Ederren egin ohi den ekitaldi jendetsua eta erdialdeko kaleetatik egin ohi diren desfileak ere. Horrela, bigarren urtez jarraian, Donostiak ezin izan zuen bere egunik handiena bere horretan ospatu.

