Reala Europan, Txuri Urdin txapeldun, eta gehiago
Txuri Urdineko neskak garaipena ospatzen. Donostiarrek hainbat lorpen historiko eskuratu dituzte 2022an talde kiroletan, eta bereziki aipagarriak dira Ibaeta Basketenak eta Txuri Urdineko eta Realeko neskenak.
Txuri Urdineko neskek denboraldi bikaina egin zuten. Izan ere, liga eta kopa irabazi zituzten, biak historian estreinakoz. Izotz gaineko kirolekin jarraituz, Txuri Berri curling taldea Espainiako txapeldun izan zen kategoria mistoan eta gizonezkoenean, eta brontzezko domina lortu zuen emakumezkoetan. Horrez gain, Oihane Otaegi eta Mikel Unanue Munduko Txapelketan izango dira datorren urtean.
Futbolean, Realeko neskek historiako sailkapenik onena lortu zuten ligan, bigarren postuarekin. Horri esker, Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren, estreinakoz. Realetik aldendu gabe, aipatu beharrekoa da mutilak hirugarrenez jarraian sailkatu zirela Europa liga jokatzeko, eta Jokin Aperribai presidentea berrautatu dutela, babes oso zabalarekin.
Saskibaloiari dagokionez, Ibaeta Basketek historiako denboraldirik onena egin zuen, eta bi lorpen nabarmentzen dira: Euskal Kopa estreinakoz irabazi izana eta Eurokopan estreinakoz parte hartu izana.
Eskubaloia eta arrauna
Talde kiroletan izan dira beste hainbat lorpen esanguratsu. Izan ere, Bera Berak berriz ere erakutsi zuen Emakumezkoen Ohorezko Mailako ligari neurria hartuta diola, zortzigarrenez irabazi baitzuen txapelketa, hirugarrenez jarraian.
Arraunean, nabarmentzekoa da Donostiarrako mutilen denboraldia, euren historiako denboraldirik onena egin baitzuten. Hain zuzen ere, hiru bandera astindu zituzten, ligan hirugarren gelditu ziren eta Kontxako Banderan bigarren.

