Tabakalerako erakusketek 167 mila bisitari baino gehiago izan dituzte 2022an
2023ko gastuen aurrekontua 7.548.000 eurokoa izango da, hau da, %11ko igoera 2022ko aurrekontuarekin alderatuta, energia kostuen garestitzearen ondorioz.
Tabakalerak “oso balantze positiboarekin” amaitu du 2022 urtea zentroan egindako hamabi erakusketei dagokionean. Osotara, 167.500 bisitari zenbatu dituzte, urte osoan egondako erakusketetan.
Emma Kunz. Bide urratzaile bat arte garaikidearekin solasean 2022ko lehen seihilekoan ikusgai egon zen erakusketa Espainiako arte garaikideko onenen artean kokatu dute, bai komunikabide orokorrek, bai arte garaikidean espezializatutakoek. Tabakalerara hurbildu ziren 20.000 bisitariek Suitzako ikertzaile eta naturopataren atzera begirako historikoa ikusteko aukera izan zuten, nazioarteko eta tokiko hemezortzi artista garaikideren lanekin elkarrizketan. Horien artean zegoen Nora Aurrekoetxea artistaren Diva obra, 2022ko Gure Artea sorkuntza-jardueraren saria.
Emma Kunz amaitu ondoren, Vive le cinéma! erakusketak asistentzia datu nabarmenak eskaintzen jarraitu du, eta, gaur arteko datuak kontuan hartuta, 21.700 bisitari baino gehiago izan dituela adierazi du Tabakalerak. Backstage: Get In 1991-2021 eta Imajinatu Zinemaldia-k, Donostia Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidea gogora ekartzen duenak, 20.000 eta 22.700 bisitari izan dituzte, hurrenez hurren.
Argazkilaritzari dagokionean, Kutxa Kultur Arteguneko lau erakusketek- Bego Antón. Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk, Unai San Martin. Nostos, Ruth Orkin. Denboraren ilusioa eta Promesen testura -40.500 bisitari izan dituzte.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Eremuak programako Hamahiru erakusketa kolektiboak, bertako hamahiru artistaren obrak biltzen zituenak, 5.500 pertsona izan zituen ikusgai egon den bi hilabeteetan. Publikoaren babesa jaso dute, halaber, Lau Pareta aretoan egindako biek ere: Une musique intérieure (5.000 bisitari) eta Gerundi circular (10.100 bisitari).
Erakusketez gain, jendearen parte-hartzeari dagokionez: programazioak 2021ean baino %70 parte-hartzaile gehiago erakartzea lortu du. Guztira, 320.000 pertsonak hartu dute parte zentroak aurten egindako kultura eskaintzan, eta 700.000 bisitari izan ditu guztira. Medialabek lortutako zenbakiak nabarmendu dituzte baita ere: 156.650 pertsona hurbildu dira.
2022ko abenduaren 22an, KGNZ Tabakalera SAren Administrazio Kontseiluak bilera egin zuen, eta 2023ko ekitaldirako gastu arruntaren aurrekontua onartu zuen. Hirugarren urtez jarraian, administrazioen ekarpena 5.070.000 eurotan mantendu da, eta 2023ko gastuen aurrekontua 7.548.000 eurokoa izango da, hau da, %11ko igoera 2022ko aurrekontuarekin alderatuta, energia kostuen garestitzearen ondorioz. Bestalde, diru sarrera propioen aurrekontua % 40 igo da aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta autofinantzaketa ratioa %27koa izan da, 2022koa baino 4 puntu handiagoa.