Astelehenetan itxita egongo da Tabakalera hemendik aurrera "energia aurrezteko"
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa astelehenetan itxita egongo da, eta asteartetik ostiralera ordubete beranduago irekiko ditu ateak. Energia aurreztea da hartutako erabakiaren arrazoia eta azken hilabeteetan ematen ari diren neurri multzoaren parte da. Horien artean daude, baita ere, argiztapenarekin edota klimatizazioarekin erlazionatutako neurriak.
2015ean ateak ireki zituenetik, Tabakalerak itxita eduki ditu astelehenetan erakusketa-aretoak, zinea eta Medialab, eta asteartetik igandera eskaini du, hortaz, bere programazio nagusia. 2023tik aurrera, eraikinaren gainerako aretoak jendearentzat itxita egongo dira, 0 solairuko kafetegia izan ezik.
Era berean, eta eraginkortasun energetikoaren helburu berarekin, irekitzeko ordutegia ordubete atzeratuko da. Horrela, asteartetik ostiralera ordutegia 10:00etatik 21:00etara izango da, larunbatetan 10:00etatik 22:00etara eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 21:00etara.