2.000 peluxez osatutako Loiolako jaiotza bitxia
Donostia hiri kaskarina dela entzungo dugu mendeetan zehar, baina Donostia ez da bat eta bakarra. Eta hiria bizitzeko modu aski herrikoiagoak daude erdialdetik urruntzen goazen heinean. Loiolako Gabonetako jaiotza da horietako bat.
18 urte dira, gutxienez, peluxe eta mota guztietako panpinekin egiten dutela jaiotza Loiola auzoko Atarieder plazan. 2.000 peluxe eta panpinekin egiten dute jaiotza, bere Olentzero eta Maridomingi, bere Errege Mago eta Gabonetako bestelako pertsonaiekin. Tira, baita Tasmaniako Deabrua, Piolin eta bestelako pertsonaia ezagunekin.
Hau antolatzeko, auzoko sei emakumek hartzen dute iniziatiba, ‘Atsoak’ izenez ezagunak. Bizilagunek uzten dizkiete panpinak, eta haiek arduratzen dira abenduan auzoa atontzeaz. Izan dute liskarrik udaltzaingoarekin, behar baino leku gehiago hartzen dutelakoan –2017an ez zuten ipini jaiotzarik–, baina gutxika errespetua eta legitimitatea irabaziz doaz. Bestela, ezer gutxi iristen da eta Loiola auzora.
Errege egunetik aurrera hasiko dira desmuntatzen, eta hurrengo urtera arte gordeko dituzte berriz ere panpina xelebre hauek guztiak.