"Autodefentsa sozialista" antolatzeko deia egin du Kontseilu Sozialistak
Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu eta Autodefentsa sozialista antolatu leloarekin mobilizazioa egin du Donostiako Kontseilu Sozialistak bart, bulebarretik abiatuta. Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan baita ere egin dituzte mobilizazioak
“Garai latzak datozela esaten digute, gerrikoa estutu behar dugula: elikagaiak lortzeko maximo historikoetan dauden prezioak ordaintzen ditugu, gasaren eta argiaren prezioak neurriz kanpokoak dira eta, zenbat diru utzi dugu gasolinan? Bizitza etengabe ari da garestitzen”, salatu du Kontseilu Sozialistek, mobilizazioen ostean irakurritako adierazpenean.
“Enpresarien irabaziak langile klasearen kontura handitzea helburu duen ofentsiba ekonomikotzat” jo dute bizitzaren garestitzea: “Proletalgoaren bizitzaren garestitzea burgesiaren aberastasunaren handitzea da. Sozialki neutralak diren krisitzat saltzen dizkigutenak (prezioen igoera, etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak…) proletalgoaren kontra burgesiak aurrera daraman ofentsibaren ondorio lazgarriak baino ez dira”.
Ofentsibaren erantzuleak jopuntuan
Kontseilu Sozialistek zalantzan jarri dituzte, bizitzaren garestitze-prozesuan, gobernuetatik martxan jarritako neurriak. Espainiako Gobernuari erreparatu diote, esaterako: “PSOEk eta Podemosek harro esaten digute inoiz ezagutu den ezkutu sozial handiena eraiki dutela. Eta guk galdetzen diegu, zertarako balio du ezkutu horrek? Zertarako balio du etxe kaleratzeak ahalbidetzen baditu? Zertarako burokraziak, laguntzak ukatzen badizkio behar dituen jende ugariri? Zertarako balio du, prezio igoerak finantzatuz enpresarien irabaziak defendatzen baditu?”.
Gainera, politikari profesionalek “proletalgoaren biziraupenerako formak kriminalizatzen eta zigortzen” dituztela salatu dute Kontseilu Sozialistek. Horri lotuta dago, haien esanetan, Espainiako Estatuko Zigor Kodea gogortu izana edota “okupazioaren aurkako ofentsibari sostengu juridikoa ematea”. “Ofentsiba antiproletarioak enpresari handiek inpunitate osoz estortsio egitea errazten du. Horrek proletalgoarentzat ondorio dramatikoak ditu”, azaldu dute.
Autodefentsa sozialistari ekitea
Horren guztiaren aurrean ez da “nahikoa pobretzea eta bizi baldintzen okertzea salatzea”: “Herriz herri, auzoz auzo, kalez kale, burgesiaren inpunitatearekin amaitzeko autodefentsa eraginkorra antolatzea ezinbesteko zeregina da”. Gogorarazi dute, norabide horretan, etxebizitzaren nahiz soldatapeko lanaren arloan esku hartzeko eta jarduteko ekimenak jarri dituztela martxan tokian tokiko Kontseilu Sozialistek. Zehazki, Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak sortzeko apustua egin dute hamaika eskualde eta hiriburutan.