Gladys del Estal pasabidearen egoera aztertuko dute egunotan
Gladys del Estal pasabidearen egoera aztertzeko lanak. (Argazkia: Nerea Lizarralde) Hainbat teknikari Gladys del Estal pasabidearen egoera aztertzen ariko dira egunotan, duela hilabete inguru gertatutako burdin zati batzuen erorketa zerk eragin zuen argitzeko, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Federico Garcia Lorca pasealekua eta Kristinaenea parkea lotzen ditu pasabideak, trenbidearen gainetik.
Abenduaren hasieran, hainbat burdin zati erori ziren pasabidetik, eta udalak inguru hori itxi zuen. Era berean, azterketa bat agindu zuen, eta, hain zuzen ere, abenduaren erdialdean han izan ziren hainbat teknikari. Horrela, bigarren bisita orain egingo dute: asteazkenean eta ostegunean ariko dira lanean.
Garabiekin egingo dute lan langileek, garabien kabinetan igota pasabidetik laginak hartu ahal izateko, ondoren lagin horiek aztertzeko. Teknikariak lanean daudenean, zirkulazioaren errei bat itxiko dute Federico Garcia Lorca pasealekuan.



