Kopako final-zortzirenak jomugan
Realaren eta Rayo Vallecanoren arteko partida bat. Realak Logroñesen aurka jokatuko du gaur Errioxako hiriburuan, 19:00etan. Talde txuri-urdinak ondo hasi du urtea, jokatu dituen bi partidak erraz irabazita: 0-5 Coriaren aurka kopan eta 2-0 Osasunaren aurka ligan. Horrela, hirugarren garaipenaren bila joango dira Imanol Alguacilen mutilak, kopako final-zortzirenetara pasatzeko. Horretarako, 2.000 bat realzaleren babesa izango dute Las Gaunas estadioan.
Egoera oso desberdinean iritsiko da Primera Federacion mailako taldea, zortzi jardunaldi baitaramatza irabazi gabe. Aldiz, Reala hirugarrena da ligan.
A priori partida erraza izango bada ere, Alguacil ez da fidatzen, eta ez du jokalari garrantzitsurik utzi deialditik kanpo. Horrela ere, litekeena da Osasunaren aurka jokatu zuen hamaikakoan hainbat aldaketa egitea, jokalari garrantzitsuenei atsedena emateko. Hain zuzen, baliteke Gorosabel, Pacheco, Aihen eta Gebararen moduko jokalariak zelairatzea hasieratik.

