Antiguakoak, Añorgakoak eta Intxaurrondokoak giza proban lehiatuko dira larunbatean
Heltzear dira Antiguako jaiak, eta pasa den udan hainbat auzotan arrakasta izan zuen jarduera antolatu dute larunbaterako (hilak 14): giza proba. Antiguako talde bat, Intxaurrondoko bat eta Añorgako bat lehiatuko dira Istingorra kalean, 18:00etan.
500 kiloko harria mugitu beharko dute, eta hamabost minutuan kale horri buelta gehien ematen dizkion taldeak irabaziko du. Antiguako Sare Herritarrarekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa, iaz beste auzo batzuetan egin zuten moduan.
Parte Zaharrean, esaterako, irailaren bukaeran Egiako, Intxaurrondoko eta Parte Zaharreko talde bana lehiatu ziren Trinitate plazan. Ordea, giza probarik esanguratsuena Intxaurrondo Zaharreko jaietakoa izan zen, Lizardi kaleko aldapan gora eraman behar izan baitzuten 500 kiloko harria. Intxaurrondoko eta Antiguako talde bana lehiatu ziren, eta etxekoek irabazi zuten; beraz, Antiguakoek errebantxa bilatuko dute asteburu honetan euren auzoko jaietan.