Antiguakoen topaketak egingo dituzte jaietan
Antiguako Patxatxa taldekoek Topaketa Antiguotarrak egitasmoa berreskuratu du, pandemiaren urteetan antolatu ezinik egon ostean. Auzoko sansebastianen barruan antolatu dute jarduera, eta larunbatean egingo dute, hilaren 14an, 12:00etan.
Angel Gete antolatzaileak azaldu duenez, “txikitan edo gaztetan auzoan lagunak ziren eta urteekin harremana galtzen joan diren auzokideak elkartzea da, orduko bizipenak gogoratzeko, harremana berrartzeko, eta abar”. Bere bizipen propio bat ere kontatu du: “14 urte nituen arte, Angel Calvilloren eta Manolo Breñasen oso laguna nintzen, baina hortik aurrera, harremana galdu genuen, eta duela bi urte berreskuratu genuen harremana; 78 beteko ditut orain, beraz, pentsa zenbat denbora egon ginen elkar ikusi gabe”.
Geteren arabera, 30 bat lagun elkartuko dira larunbatean: “Batzuk Antiguan bizi gara, baina Logroñotik, Irundik eta Gasteiztik ere etorriko da jendea, besteak beste.
Horrela, auzoko jaietan integratuko ditugu auzoan bizi ez direnak ere”. 12:00etan elkartuko dira Matia kaleko 30. zenbakian, garai batean hor zegoelako La Patxatxa litxarreria denda: “Gure belaunaldiarentzat oso leku sinbolikoa zen La Patxatxa”. Hortik abiatuta, auzotik paseatuko dute, eta 14:30ean hasiko da bazkaria, Bentaberriko kiroldegian.