Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Donostiako Udaleko Txistulari taldeak San Sebastian aurreko kontzertua eskainiko du igandean

Donostiako txistulariak (Argazkia: Pablo Axpe)

Donostiako Udalaren Txistulari taldeak, eta Donostiako zein inguruko txistulariek, San Sebastian aurreko kontzertu berezia eskainiko dute urtarrilaren 15ean, 12:00etan. Bertan izango dira, txistulariez gain, Donostiarrak Abesbatza, Donostiarra Metal Boskotea, Klara Mendizabal eta Ruben Ramada abeslariak, Zuhaizti eta Orixe eskolako dantzariak, Eskola Elkarteko Sastreen Konpartsa eta gehiago. Kontzertuan, Donostia ardatz hartuta, hainbat pertsonaia eta ospakizun esanguratsu izango dira gogoan; esaterako: Buenaventura Zapirain, Sastreen konpartsa edota Los Koskeros taldea. Ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean ospatuko da, eta bertaratu ahal izateko sarrera aurretik hartu beharko da. Horiek dagoeneko eskuragarri daude antzokiko leihatilan. 

Urtero txistulari taldeak eskaintzen duen kontzertu berezia Donostiako biltzar nagusiak: 1831 alkate soinuak irekiko du aurten. Jarraian, Juan Alvarez Urresti, Gamborenak Los Koskeros taldearentzat duela laurogei urte idatzi zuen Ecos guipuzcoanos entzungo da. “Umorea beti izan da Donostia eta donostiarren ezaugarri. Hori dela eta, Ilunpe (umorezko martxa) eta Orixeko inauteriak emango diote jarraipena kontzertuari. Ehun eta berrogeita hamar urte beteko dira lehenengoaren sortzailea, Buenaventura Zapirain, jaio zenetik. Bi pieza horietan Zuhaizti eta Orixeko dantzariak ariko dira hurrenez hurren”, azaldu du Donostiako Udalaren Txistulari taldeak.  

Donostia “maitasun eta nostalgia eragile handia” izan da urte luzez idazle zein musikarien artean, taldearen arabera: “Asko eta askok adierazi dute hiriarekiko euren maitasuna doinu eder ugarirekin. Horien eredu, Agur, txoko maitea eta San Sebastián boleroa izango dira entzungai programan”. 

Umorea eta inauteri giroa uztartuz, eta Jose Juan Santestebanek idatzi zuela 190 urte igaro direla gogoraraziz, Sastreen konpartsa ere ariko da antzokia dantzaz betez. Amaitzeko, ohitura denez, danborrada doinuak ez dira faltako. Hiriaren egun handia iragarriz, Hau fraile pikarua, Polka de tambores eta Donostiako Martxa izango dira emanaldiko azken piezak.

Halaber, kontzertua Donostiako Udalaren YouTubeko kanalean ikusteko aukera izango da zuzenean.

HITZAkide HITZAkide