"Aurtengoa abiapuntu gisa ikusten dugu"
Aurten zortzi danborrada berrik desfilatuko dute aurreneko aldiz San Sebastian egunean. Horietako zazpi helduenak dira, eta bat haurrena. Helduen artean berezienetakoa da Txomineko Lanberri auzo elkartearen danborrada. Auzoaren historiako lehendabizikoa delako. Bizilagun kopurua nabarmen hazi dela baliatuta, danborrada ofiziala osatzea erabaki dute.
Noiz eman zenuten pausoa Txomineko estreinako danborrada sortzeko?
Antxon Chavala (A.C.): Auzoko hainbat lagunek danborrada gustuko genuen, eta auzoa berritzen hasi zirenean elkartu eta San Sebastian egunean jotzen ateratzea erabaki genuen. Bozgorailu batekin eta gure seme-alabekin desfilatu izan dugu pandemia aurretik hainbat urtez. Ez zen batere formala egiten genuena, soilik lagunarteko zerbait.
Jesus Alcalde (J.A.): Gerora, pentsatu genuen auzoan danborrada ofizial bat behar genuela. Horrela, zerotik hasi ginen zeharo berritu zein hazi den auzo batean. Izan ere, gu biok Txominekoak gara betidanik, auzo zaharrekoak. Lau katu ginen lehen, baina askoz ere gehiago gara orain. Gutxi gorabehera, Txominek 1.800 biztanle ditu.
A.C.: Ez genekien auzotarrek nola hartuko zuten danborrada bat sortzeko gure ideia.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
A.C.: Iazko otsailean pare bat bilera egin genituen haurtxokoan, eta danborradari forma ematen hasi ginen. Zailena Txomineko bizilagunak elkartzea izan zen. Izan ere, auzotar askok lotarako baino ez dute erabiltzen Txomin, eta ez dira horrenbeste inplikatzen auzoko dinamikan.
J.A.: Hasieran, beldur pixka bat genuen, danborrada batean parte hartzea garestia delako. Pentsa, Lanberri auzo elkarteak 40 familia inguru ditu bazkide gisa. Auzo elkarteak ahal izan duen ekarpen ekonomikoa egin du, baina danborradarako dirua auzotar bakoitzak jarri behar izan du bere poltsikotik. Horrela ere, jende askok eman zuen izena, nahiz eta gero batzuek atzera egin.
A.C.: Danborrada sortzeko batzorde propio bat sortu genuen Lanberri auzo elkartearen barruan. Erabat parekidea da, launa emakumek eta gizonek osatzen dugulako. Danborradaren erregistroaren ardura kide batek hartu du, eta ezin esan erraza izan denik. Donostia Festakek gutxieneko batzuk ezartzen ditu danborrada ofizial bat sortzeko. Adibidez, 65 pertsona behar dira gutxienez danborrada bat sortzeko. Hogei danbor jotzaile, 40 upel jotzaile eta gainerako pertsonaiak (danbor nagusia, upel nagusia, bi kabo eta gutxienez banderadun bat). Guk 77 kidez osaturiko danborrada osatu dugu; 52 emakume eta 27 gizon. Zozketa bat egin genuen danborradako ardurak banatzeko.
Noiz hasi zineten entseguekin?
J.A.: Urriaren 5ean, eta, guztira, hamabi entsegu egingo ditugu. Astero elkartu gara, asteartetan edo ostegunetan. Askok abestiak behar bezala ikasi behar izan ditugu, eta horretarako oso garrantzitsuak izan dira entseguak. Azken entseguetan nahiko ondo jo dugula esango nuke. Derrigorrezkoak diren sei martxa eta beste hiru joko ditugu. Bestalde, txarangarekin entsegu bakarra egingo dugu hilaren 17an. Izan ere, derrigorrez egin beharreko entsegua da.
A.C.: Entseguen harira, gauza bat esan nahi dugu. Lanberri auzo elkartearen lokalean, auzoko haurtxokoan, hasi ginen entseguak egiten. Ordea, bizilagun bat kexatu zen, eta udalak entseguak han egitea debekatu zigun. Ondorioz, kalean ari gara entseatzen, eta onartezina iruditzen zaigu. Udalak ez digu inolako erraztasunik eman.
Jantzi propioak egin dituzue?
A.C.: Noski. Sukaldari jantziarekin aterako gara, lehenengo urterako derrigorrezkoa delako. Jantzi propioak egin ditugu Lanberri auzo elkartearen logoarekin. Zapian ere logoa eramango dugu. Gainera, bi bandera egin ditugu: Donostiakoa, derrigorrezkoa delako, eta Lanberrirena.
Eta txaranga, lortu al duzue?
A.C.: Bai, baina buruhauste bat izan da. Urtarrilaren 20rako Gipuzkoan txaranga bat lortzea ezinezko bihurtu zaigu, eta Nafarroako bat etorriko da. Udalak ematen dituen laguntzekin txaranga bera ordaintzeko gai izango ginela uste genuen, baina ez da horrela izango.
Urtarrilaren 20an zer ordutan desfilatuko duzue?
J.A.: 17:30etik 21:30era. Auzoko danborrada bakarra garenez, nahi genuen ordutegia aukeratu genezaken. Auzoari bi itzuli inguru emango dizkiogu, eta Loiolara ere hurbilduko gara jotzera. Militarren, mojen eta presoen aurrean ere joko dugu. Batzuek ez dute ulertuko, baina auzoko entitateak dira, eta hala egitea erabaki dugu.
Historian lehenengo aldiz, Txominen danbor eta upel hotsak jotzeko prest zaudete?
A.C.: Bai, horixe, eta dena ondo ateratzea nahi dugu. Izan ere, aurtengoa abiapuntu gisa ikusten dugu.