Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?
Kirol emaitzak

Derbia txuri-urdinentzat izan da

reala Realeko jokalariak, Athleticen aurkako garaipena ospatzen. (Argazkia: Reala)

Realaren eta Athleticen arteko derbia jokatu zen larunbat gauean Anoetan, eta festa handi bat izan zen realzaleentzat, Imanol Alguacilen taldeak 3-1 irabazi baitzuen. Lehenengo zatian bizkaitarrak parez pare lehiatu ziren txuri-urdinekin, eta baloia gehiago ukitu zuten. Ordea, bi jokaldi isolatutan bi gol sartu zituen Realak, eta aldapan gora jarri zitzaion neurketa Athletici.

Lehenengo gola Sorlothek egin zuen (25. minutuan), Zubeldiak baloi bat buruz urrundu ondoren, esferikoa norvegiarrari erori baitzitzaion area barruan, eta ez zuen hutsik egin. Bigarrenari dagokionez, Silvak baloia maisuki kendu zion Vesgari Athleticen zelaian, Kubori eman zion, eta japoniarrak maisuki gainditu zituen Vivian atzelaria (baloia hanken azpitik pasatuta) eta Simon atezaina (37. minutuan). Ordea, hurrengo jokaldian 2-1-ekoa sartu zuen Sancetek. 60. minutuan, epaileak penaltia adierazi zuen Realaren alde, eta Yeray kaleratu zuen, txartel gorria ateratara. Penaltia ez zen bereziki argia izan, baina epaileak ez zuen zalantzarik izan. Zelairatu berri zen Oiartzabal kapitainak ez zuen hutsik egin 11 metroetatik, eta partida sententziatu egin zuen. Hortik aurrera, derbia festa bat izan zen, eta Anoetak olatua egiten bukatu zuen. Realak hirugarren jarraitzen du ligan.

Futbolarekin jarraituz, Realeko neskak ez ziren Valentzia garaitzeko gai izan, eta 2-1 galdu zuten. Nerea Eizagirrek sartu zuen lehenengo gola, 22. minutuan, baina azkar berdindu zuten etxekoek, Marta Carroren eskutik, 27. minutuan. Berdinketarekin iritsi ziren azken minutuetara, baina puntua eskuetatik joan zitzaien txuri-urdinei, Berta Pujadasek bigarrena sartu baitzuen 87. minutuan. Natalia Arroyoren neskak seigarrenak dira ligan.

Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipena eskuratu zuen etxean, Bembibreren aurka: 70-66. Neurketa parekatua izan zen, eta hirugarren zatia puntu bat azpitik bukatu bazuten ere, donostiarrak markagailuari buelta emateko gai izan ziren. Horrela, ligako hamargarrena da orain Ibaeta Basket.

Eskubaloian, Bera Berak argi irabazi zuen Barakaldoren etxean: 22-33. Donostiarrak nagusi izan ziren neurketan, eta lidergoan sendo jarraitzen dute: hogei puntu dituzte, Porriño bigarrenak baino lau gehiago.

Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Huarte hartu zuten etxean, eta argi menderatu zituzten: 8-3. Lehenengo zatia 2-0 bukatu zen, bigarrena 2-2, eta hirugarrena 4-1. Ligako laugarrenak dira donostiarrak. Izotz gaineko kirolekin jarraituz, aipatzekoa da Txuri Berri curling taldeko Mikel Unanuek eta Oihane Otaegik asteburuan egindakoa, laugarren gelditu baitziren munduko zirkuituko Dutch Masters txapelketan.

EMAITZAK

Futbola

Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia

  • Reala 3 – Athletic 1

Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia

  • Valentzia 2 – Reala 1

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia

  • Ibaeta Basket 70 – Bembibre 66

Eskubaloia

Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia

  • Barakaldo 22 – Bera Bera 33

Izotz hockeya

Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia

  • Txuri Urdin 8 – Huarte 3
HITZAkide HITZAkide