140 kilometro orduko haize boladak izan dira bart Donostian
Groseko Agirre Miramon kaleko aldamio bat kaltetu du haizeak. (Argazkia: EITB) Gerard denboraleak gogor jo du bart Donostian, haize bolada eta olatu handiak eraginez, besteak beste. Donostiako Udalak azaldu duenez, 140 kilometro orduko haize boladak izatera iritsi da denboralea hirian.
Hala ere, ez da kalte handirik izan hirian, eta gertakari bakarra nabarmendu du udalak. Azaldu duenez, 05:30ak aldera, Groseko Agirre Miramon kaleko aldamio bat erortzeko arriskua zegoela ohartarazi du bizilagun batek. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa gerturatu dira.
Kaleak itxita jarraitzen du oinezkoentzat, eta hala egongo da aldamioa kendu arte. Aldamioa instalatu duen enpresa abisatu dute desmuntatzera joateko.
Jarraian, gaueko une bat ikus dezakezue, denboraleak kaia gogor jotzen ari zen momentukoa:
Hainbat gune itxita
Alerta laranja ezarri zuten astelehenean, olatu eta haize bolada handiengatik, eta asteazkenera arte egongo da indarrean. Ondorioz, Haizearen Orrazirako eta Leizaola pasealekurako sarbideak eta Pasealeku Berria –oinezkoentzat zein ibilgailuentzat– itxita daude.
Halaber, hiriko parkeetan ere prebentzio neurriak hartu dituzte, eta itxita egongo dira gaur, hilaren 17an, egun osoan. Aieten sarbidea debekatuta dago, eta soilik kultur etxera eta Topalekura sartzeko aukera dago. Kristinaenea ere itxi egin dute, eta soilik kanpoko ibilbideak daude irekita: Mundaiz bidea, Mikel Laboa pasealekua, Urumea pasealekua eta Federico Garcia Lorca pasealekua. Urgullen sartzea ere debekatuta dago, eta soilik ikastolara joateko bidea dago irekita. Miramar parkea ere itxita dago, baita Antiguako Serafin Baroja parkea eta Loiolako Erriberako Oroimenaren lorategia ere.


