"30 urte baino gehiago daramatzagu parkinsonaren eta alzheimerraren inguruko entsegu klinikoak egiten"
Poliklinikako Parkinson Ikerketa taldeko zuzendaria, Vivebiotech konpainia bioteknologikoko lehendakaria eta Donostian zabaldu berri duten La casa del cerebro espazioaren jabea da Gurutz Linazasoro neurologoa. Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko duzu aurten. Nola jaso zenuen berria?
Ezusteko bat izan zen niretzat, ez nuelako inondik inora espero. Donostian meritua duten jende eta kolektibo asko daude, eta jende askok merezi duen domina dela uste dut. Horrek sariari balio handia ematea egiten dit, eta oso garrantzitsua da niretzat. Bihotzean eramango dut beti, eta merezi duen bezala eramatea espero dut.
Zumarragakoa zara izatez, baina zure ibilbidea Donostiari lotuta egon izan da aspalditik. Jendeak ezagutzen zaitu, eta zure lana baloratzen du, ezta?
Ez dakit, baietz pentsatzen dut. Jendeak ezagutzen bazaitu esan nahi du urte asko bete dituzula, izan ere, Zumarragara joaten naizenean adibidez, helduak ezagutzen ditut, baina haurrak ez. Errazagoa da beraiek zu ezagutzea, zuk haiek ezagutzea baino. Horrez gain, medikua izanik, paziente asko eta asko ezagutzen ditut euren familiekin batera.
Neurologoa zara, eta Poliklinikako Parkinson Ikerketa zuzendaria. Nolakoa da zure lana bertan?
Kontsultan mediku gisa egiten dut lan, baina entsegu kliniko asko ere egiten ditut. Duela urte asko nire buruari jarri nion proposamena izan zen abangoardiako sendagaiekin lan egitea hemen, merkatura iritsi aurretik, entsegu klinikoetako bi eta hiru faseak egiten direnean. Horretan 30 urte baino gehiago daramatzagu, parkinson eta alzheimer entseguetan parte hartu duten 1200 pertsona baino gehiagorekin. Zortzi laguneko taldea dugu (neuropsikologoak, neurologoak, erizainak, etab.) entsegu klinikoak egiteko.
Vivebiotech konpainiako lehendakaria ere bazara. Zer egiten duzue han?
2015ean inauguratu genuen konpainia bioteknologikoa da. Bost pertsona hasi ginen bertan lanean, eta gaur egun, 105 lankide gara. Bektore biralak ekoizten ditugu, geneak eta proteinak organismo barrura garraiatzeko eta, horrela, gaixotasunak sendatzeko. Arazo genetikoagatik edo proteina jakin batean izandako arazoagatik sortzen diren gaixotasunak ikertzen ditugu, eta minbizian edo gaixotasun arraroetan jartzen dugu arreta. Une honetan, 40 proiektu ditugu esku artean: horien erdiak minbiziaren ingurukoak dira, eta oso terapia bereziak dira leuzemiarentzat eta linfomentzat. Besteak gaixotasun arraroetara bideratuta daude. Horien guztien %60 konpainia amerikarrentzat dira, eta %40, aldiz, enpresa europarrak, australiarrak, tailandiarrak edo japoniarrak dira. Munduan zehar banatuta ditugu gure bezeroak.
Nola uztartzen dituzu bi lan horiek?
Oso jende onez inguratuz, hori da garrantzitsuena. Horrela, oso lasai egon eta gauza garrantzitsuetara dedikatu zaitezke, hala nola, estrategia eta epe ertain eta luzerako begirada lantzera.
Joan den azaroan La casa del cerebro izeneko gunea zabaldu zenuen Amaran, Bizkaia pasealekuan. Nolako espazioa da?
Hamasei urtean hainbat artikulu zientifiko idatzi izan ditut, gehienak garunarekin lotutakoak. Artikulu horien dibulgazio lana egiteak asko aberastu nau, izan ere, asko ikasten dudanez, oso gogoko dut. Hamasei urte hauetan liburutegi txiki bat sortzen joan naiz, 600 liburuki baino gehiagokoa. Orain, liburutegi hori La casa del cerebro espazioan dago. Etorkizunerako proiektu bat da niretzat, bizitzan lasaiago nagoenerako. Momentuz, pixkana hasi gara, eta nire semeek ahal duten guztian laguntzen didate. Ni astelehen arratsaldetan joaten saiatzen naiz. Helburua da nahi duenak bertara joan, liburu bat hartu, eta bere etxean egongo balitz bezala lasai irakurtzea. Liburutegi moduko bat da, eserita egoteko leku erosoa duena. Horrez gain, beste areto bat dago 30 edo 40 lagunentzat hitzaldiak emateko, eta ikasle taldeak ere joan daitezke, garunari buruzko eskolako lanak egiteko, esaterako.
Domina ez da jaso duzun sari bakarra, izan ere, 2021ean Joxe Mari Korta saria eman zizuten zure ibilbide profesionalagatik.
Bai, Joxe Mari Korta saria jasotzea oso berezia eta hunkigarria izan zen niretzat. Joxe Mari Kortaren irudia Gipuzkoako enpresa munduan oso garrantzitsua da. Izaera oso berezia zuen, etorkizunean, formakuntzan eta gazterian pentsatzen zuen gizona zen, eta iruditzen zait gauza horiek oinarrizkoak direla; ez norberaren enpresarentzat soilik, baita Gipuzkoa osoarentzat ere. Beraz, sari hori jasotzea oso hunkigarria da. Bihotzean daramadan beste saria da.
Neurologo gisa, zein da zure buruari jartzen diozun erronkarik handiena?
Neurologiak orain dituen erronka handiak, garuna hobeto ezagutzea helburu dutenak. Batez ere parkinsona eta alzheimerra ikertzen ditudanez, gure erronka nagusia bi gaixotasun horiek sendatzea da. Sendatzeko, ordea, jakin behar da zerk sortzen dituen gaixotasun horiek, eta hori da ihes egiten diguna. Badakigu neuronak nola hiltzen diren, badakigu zein proteina sartzen diren garunean, eta proteina horiek kentzeko terapiak ere baditugu, baina gaixotasun horiek sendatuko diren edo ez oraindik ez dakigu. Hala ere, ziur gaude gaixotasun horiek dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetuko dela. Eta hori da une honetan dugun erronka nagusia, besteak epe ertain edo luzekoak direlako, eta, beraz, huts egiteko aukera oso handia delako.
Gaixotasun horiek dituzten pertsonen bizi kalitatearen hobekuntza laster gertatuko den zerbait da, edo epe luzerako ikusten duzu?
Epe laburrean gertatuko den zerbait dela uste dut. 35 urte daramatzat klinikan parkinsona eta alzheimerra dituzten gaixoak artatzen, eta egon diren aldaketak oso garrantzitsuak izan dira. Pertsona horien gaur egungo bizi kalitateak ez du zerikusirik lehen zutenarekin. Hori hainbat faktoreren ondorioa da: ez da botika miragarri bat dagoela, baina bere lana egiten duten medikamentu hobeak daude, eta gizartearen sentsibilizazioa ere handiagoa da. Hemen senideen elkarteak egiten duten lana sekulakoa da, eta baita hedabideek egiten duten sentsibilizazio lana ere. Gauza horiek guztiek gaixotasunak hobeto eramaten laguntzen dute.
Nola ospatzen duzu San Sebastian eguna?
Poztasunez ospatzen dut, nahiz eta batzuetan lan egitea tokatu zaidan. Urte batzuetan San Sebastian eguna Gipuzkoan biozientzien egoera nolakoa den azaltzeko hitzaldi batzuk emateko aprobetxatu nuen. Valladolidera edo Madrilera joaten nintzenean, adibidez, hemen egiten ari ziren gauzak azaltzen nizkien, eta jendeari bikaina iruditzen zitzaion. Bestela, hemen banago, danborradez gozatzen saiatzen naiz.