Autobus eta tren zerbitzu bereziak izango dira San Sebastian bezperan eta egunean

Gautxori Dbusen gautxori zerbitzua.

Hemen da San Sebastian bezpera, eta, ohiko legez, gaua luzatu egingo zaie askori. Horregatik, Dbusek, Lurraldebusek eta Euskotrenek autobus eta tren zerbitzu bereziak jarri dituzte gaur gauerako zein San Sebastian egunerako.

Donostiako autobus zerbitzuari dagokionez, ia gaueko hamabiak arte ibiliko dira bezperan linea hauek: 5, 9, 13, 14, 16, 18, 19, 25, 26, 28, 29 eta 32. Bandera igoeraren ondoren, 00:30ak aldera, gautxori zerbitzuak hasiko dira, eta gau guztian zehar ibiliko dira, 07:00ak arte, gutxi gorabehera. Bezperako autobus zerbitzu berezi guztien ordutegi zehatzak hemen kontsultatu ditzakezue.

Bestalde, San Sebastian egunean ere ia bandera jaitsierara arte luzatuko dira linea hauek: 5, 9, 13, 14, 18, 19, 23, 25, 26, 28 eta 32. Era berean, gautxori zerbitzua 00:30-01:00 tartean hasiko da, eta 04:00ak arte ibiliko dira autobusak. San Sebastian eguneko autobus zerbitzu berezien ordutegi zehatzak hemen ikus ditzakezue. Horrez gain, Dbusek hainbat aldaketa egingo ditu, auzoetako danborradengatik eta Haur Danborradarengatik.

Lurraldebusen eta Euskotrenen zerbitzuak

Donostiarrez gain, Gipuzkoako beste herrietako jendea etorri ohi da Donostiara San Sebastian bezperan. Horregatik, Lurraldebus autobus konpainiak zerbitzu bereziak jarri ditu San Sebastian egunean Buruntzaldearako, Bidasoa-Oarsoaldearako, Urola Kostarako eta Urola Erdirako. Hemen kontsultatu daitezke zerbitzu horiek guztiak.

Trenei dagokienez, bezperan gaueko zerbitzu bereziak jarriko ditu Euskotrenek linea hauetan: E1 Zumaia/Amara (60 minutuero, bi noranzkoetan), E2 Lasarte-Oria/Hendaia (30 minutuero, bi noranzkoetan) eta E5 Altza/Amara (60 minutuero, bi noranzkoetan). Aldiz, San Sebastian egunean lanegunetako ohiko zerbitzuak egongo dira indarrean.

HITZAkide HITZAkide