Dena prest San Sebastian eguna ospatzeko
Giro lasaia dago Donostian, baina nabari da jendea hara eta hona dabilela San Sebastian egunerako azken erosketak eta enkarguak egiten: lore sorta zuri eta urdinak, danborradarekin lotutako gozoak, askotariko apaingarriak eta danborradarako kit-ak bazar txinatarretan… Erakusleihoak eta hainbat etxetako balkoiak ere jantzi dituzte festarako. Mertzeriak ere lan eta lan aritu dira egunotan, danborradan aterako direnentzako kamiseta termikoak eta eskularruak saltzen.
Izan ere, tenperatura baxuak espero dira. Gaur 3 eta 11 gradu artekoak, eta bihar 4 eta 9 gradu artekoak. Euri pixka bat egitea ere espero da, nahiz eta prezipitazioa urria izango den. Tarteka eta noizbehinka euri txikia egingo du, batez ere goizaldean eta goizean goiz eta arratsalderako leku gehienetan atertu egingo du; gauean baliteke mendebaldean zertxobait bustitzea. Giroa oso hotza izango da eta maximoak koska pare bat beherago geldituko dira; elur-kota 800 eta 1000 m artean kokatuko da. Ziertzo haizea bizi-bizi ibiliko da Nafarroa hegoaldean eta gainerako lekuetan goiz erditik aurrera aldakor ibiliko da, kostaldean ekialdekoa nagusituz.
Irutxuloko Hitzak festaren jarraipen berezia egingo du. Gaur Union Artesanaren haurren danborrada aterako da lehen aldiz, eta Irutxuloko Hitzak bertatik bertara emango du haren berri. Hiritar Merezimenduaren dominak ere gaur emango dituzte, eta webgunean egingo du jarraipena komunikabideak. Bandera igoeratik bandera jaitsierara arte hainbat danborradaren irudi bildumak eta kronikak osatuko ditu San Sebastian egunari eskainitako atal berezian.

