"Donostian aldaketak ikusi genituelako hasi zitzaidan historiarekiko interesa pizten"
Lola Horcajo historialariak hainbat ikerketa egin ditu Donostiaren historiaren inguruan, eta horiek gordetzen dituzten liburu ugari argitaratu ditu. Egindako lan horregatik Hiritar Merezimenduaren Saria jasoko du aurten.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko duzu aurten Juan Jose Fernandez zure senarrarekin batera. Nola hartu zenuen albistea?
San Tomas egunean, goizean, alkateak deitu zidan, eta esan zidan albiste on bat emateko deitzen zidala. Domina emango zigutela adierazi zidan, eta niretzat hiriko errekonozimendu handiena da, hiriak berak ematen dizulako. Kasu honetan, gainera, Donostiaren historia aztertzen eta ikasten egiten dugu lan, eta oso eskertuta gaude sari honengatik. Idatzi ditugun liburuengatik jende askok ezagutzen gaitu, baina Koldo Mitxelena kulturunean sei hilabetez izan dugun erakusketatik 15.000 pertsona pasa izan dira, eta horregatik ere badakite nor garen. Jendeari gure lana gustatzea da benetan guretzako saririk handiena.
Historialaria eta irakaslea zara. Noiz eta nola sortu zitzaizun historiarekiko interesa?
Mundaizen ikasi nuen Geografia eta Historia. Interesatzen zaidan gai bat da, baina beti pentsatzen dut zenbat eta helduagoa izan, orduan eta gehiago interesatzen zaidala. Izan ere, urteak betetzen joaten zaren heinean, zure historia propioa eraikitzen joaten zara, eta baduzu ibilbide bat alderatzeko nolakoa zen zure hiria txikia zinenean eta nolakoa den gaur egun. Gure hirian aldaketak ikusi genituelako ere hasi zitzaidan historiarekiko interesa pizten. Denda txikiak itxi eta handiagoak diren berri batzuk zabaltzen hastea, hotelak eraikitzea eta etxebizitza turistiko asko egotea, adibidez, historian zehar errepikatu izan diren gertaerak dira.
Donostiaren historian zentratu izan zara beti. Nolako hiria da zuretzat?
1865. urtean gure aurrekariek diseinatu zuten bainu-hiria da Donostia. Gaurdaino horrela mantendu den erabaki bat hartu zuten garai hartan: harresiak botatzeko baimena iritsi zenean, paduraz beteriko lursail batekin egin zuten topo. Hiri berri bat eraiki behar zen, eta erabaki behar zen zein izango zen hiri horren eredua. Sekulako eztabaidak izan ziren merkataritza-hiria edo bainu-hiria izango zen erabakitzeko orduan, baina azkenean, ados jartzea lortu zuten. Azken unean bainu-hiriaren aldeko apustua egingo zutela erabaki zuten, nahiz eta merkataritza-hiria izatea ez zuten alde batera utzi; gertatzen dena da portua Pasaian kokatu zutela. Hemen egiten bazuten, Badia izango zen portua, eta ez genuke Kontxako hondartzarik izango. Gaur egun, bainu-hiria da, parke politak, kale zabalak eta eraikin dotoreak dituena, besteak beste. Hori da oinordetzan jaso dugun hiria.
Aristokratentzat eta jende dirudunarentzat hiri garrantzitsua izan da historikoki. Nola aldatu da zentzu horretan?
Zentzu horretan guztiz aldatu dela uste dut. Ez dut esango orain mundu guztia etortzen denik uda pasatzera, baina bakoitzak ahal duen mailan gozatzen du hiriaz. Lehen ez zen horrela. Bidaiatu zezaketenak eta udan opor luzeak egin zitzaketenak aristokratak edo jende diruduna ziren lehen. Gero Burgesiara zabaltzen joan zen hori, gero eta gehiago zirelako burgesak. Aristokratek zuten dei-efektua ere galdu da, noski. Hala ere, Maria Cristina erregina etortzen zenean, Donostiak dagoeneko iragartzen zuen publiko guztientzako ostatuak zituela.
Nola dokumentatzen zara gero historia liburuak idatzi ahal izateko?
Orain arte idatzita dauden liburuetatik, eta baita egunkarietatik ere. Horrez gain, testu horiek idatzi zituztenengana iristen saiatzen gara, guztia ongi dokumentatuta dagoela egiaztatzeko. Bestalde, Donostiako jende garrantzitsuak idatzita utzi izan ditu historiako hainbat pasarte. Fermin Lasalak, Mandasko Dukeak, adibidez, egunero idazten zion bere emazteari non zegoen eta zertan ari zen. Informazio hori guztia gordeta dago.
Besteak beste, Donostiako etxe garrantzitsuak ikertu izan dituzu. Gaur egun, gero eta gutxiago daude.
Bai, zoritxarrez, gero eta gutxiago daude. Batzuetan kexatu gara partikularrek etxe horiek botatzen dituztenean, adibidez. Baina guk beti aldarrikatzen dugu gureak, hiritarronak, diren etxeen zaintza eta babesa. Bakoitzak bere etxearekin nahi duena egin dezake, nahiz eta niri agian gaizki iruditu, baina hiritarron etxeak babestu egin behar dira: Cristina Enea jauregia, Aiete jauregia eta Miramar jauregia, hain zuzen ere. Etxe horiek beraien jabeak izan zituzten, lehen aipatu dugun aristokraziaren garaian, baina udalak Miramar eta Aiete jauregiak erosi zituen gero, eta Cristina Eneako jauregia bere jabeek, Mandasko dukeek, oparitu zioten hiriari. Beraz, gure eginbeharra horiek zaintzea eta mantentzea da.
Donostiako tokiko merkataritzaren inguruan ere idatzi izan dituzu liburuak. Zein izan da horien eboluzioa?
Lehen, Donostiako denda batek mende bat iraun zezakeen. 2010ean, 100 urte bete izan dituzten dendei buruzko liburu bat argitaratu genuen. Orain, liburu baten ordez eskuorri bat izango litzateke, asko gutxitu baitira. Niri pena handia ematen dit Donostia bere nortasun zeinua galtzen joateak: bere dendak, alegia. Hiri handi batekin alderatuz, oraindik geratzen da tokiko merkataritza Donostian, baina gero eta gutxiago. Eta niretzat argi dago tokiko merkataritzak hiriari bizia ematen diola.
Zein da zuretzat Donostiako lekurik bereziena?
Hori aita edo ama, gehiago zein maite duzun galdetzea bezala da niretzat [barrez]. Leku bat aukeratzekotan, Miramar jauregia aukeratuko nuke. Bere historia ikasi dugu, eta ikusi dugu donostiar askok ez dakitela haren jatorria. Jauregia izan aurretik Antiguako eliza izan zen, eta jauregiaren historia Belle Epoquearen historia da. Gainera, kokalekua ere ikaragarri gustatzen zait. Miramarrek Donostia sortu eta mundura zabaldu zen garaia irudikatzen du, eta donostiar guztiona da.
Nola bizitzen duzu San Sebastian eguna?
Ilusio handiz. Urteak neramatzan bandera igoerara joan gabe, jendeak asko bultzatzen duelako, baina bandera jaitsierara beti joan izan naiz. Ez naiz inoiz danborrada batean atera, baina ikustea beti gustatu izan zait. Umeen danborrada udaletxetik bertatik ikusteko aukera izan dut noizbait, udaletxeari buruzko ikerketa bat egin genuelako, hain justu. Denera iristen saiatzen naiz, eta aurten ere hala egiteko asmoa dut.
Nire ustez, San Sebastian martxari letra jarri ziotenean, zentzu handiagoa hartu zuen. Gaurtandik gerora, penak zokora esaten duenean, urtero errepikatzen dut nire barrenean, izan ere, hasiera berri bat irudikatzen du esaldi horrek, eta gauza txarrak alde batera uzteko aukera ematen du.