Union Artesanako, Gaztelubideko eta Kresalako haurrek jada hasi dute festa
Union Artesanako haurrak lehen aldiz atera dira aurten. Eguraldia ez da lagun, baina gogoa bai, gogoa izugarria. Gaztelubideko eta Kresalako haurrekin batera, bezperan ospatu dute San Sebastian eguna Parte Zaharrean.
Haur baino guraso gehiago zegoen arren, ederki joan da arratsaldea. Union Artesanako haurrek omenaldia egin diote elkarteko bazkide bati, senideen malko artean. Une hunkigarria igarota, festara egin dute salto, helduek erabiltzen dituzten traje berdintsuekin; formatu txikian, noski.
Gurasoak han-hemenka, ilarak ondo egiteko, azkarrago ibiltzeko, motelago jotzeko eta zuzendariari kasu egiteko deia egiten haur eta gaztetxoei. Ez zaie asko axola txikiei itxura ona ematen ari diren, lagunak agurtu eta ahalik eta hoberen pasa nahi dute, besterik ez. Hala nabaritu da Union Artesanakoak eta Gaztelubidekoak elkartu, eta elkar agurtzen hasi direnean.
Kresalakoak ondoren batu zaizkie. San Bizente elizan topatu ditugu pare bat kanta jotzen. Jakina da joxemaritar eta koxkeroen artean, Kresalakoak koxkeroagoak direla eta!