Udal gobernuak 56,9 milioi euro ditu inbertsioetarako
2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroa aurkeztu dute, eta iazkoa baino %8,73 handiagoa izango da. Zehazki, 461.913.070 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du udalak.
(Argazkia: Donostiako Udala) Aurreikusitakoa baino askoz beranduago aurkeztu du Donostiako Udal Gobernuak 2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroa –2022koa 2021eko urria bukaeran aurkeztu zuten–. Atzerapenak atzerapen, asteartean eman zituzten 2023ko aurrekontu zirriborroaren xehetasunak Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia alkateordeak eta Kerman Orbegozo Ogasun zinegotziak.
«Aurrekontuak izaera hedakorra du, inbertsio maila handia eta donostiarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan hobekuntza garrantzitsuak ditu», nabarmendu zuen Goiak. Udalak hainbat erronka dituela gaineratu du alkateak: «Besteak beste, energia krisiaren eraginez kostuen igoera, Ukrainako gerra eta klima aldaketa. Funts publikoak zuhurtziaz eta arretaz kudeatzen jarraitu beharko dugu».
Aurrekontu kontsolidatua handitu da, bereziki, Foru Funtsetik etorritako ekarpenari esker. 2023an 165,9 milioi eurokoa izango da, hau da, iaz baino %7,3 gehiago. Horrekin batera, udal zerga eta tasen bidezko diru sarrerei eutsiko diete. Horiek horrela, udalak udal zerga eta tasa hauek %1,5 handituko ditu, besteak beste: Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ), garabia, TAO zerbitzua eta hondakinen bilketa.
Inbertsioak
Hasitako proiektuekin jarraitzeko, udalak 59,6 milioi euro izango ditu inbertsioetarako. «2023ko aurrekontu proiektuak 90 aurrekontu sail ditu inbertsioak egiteko, eta horien artean, Next Generation funtsetatik finantziazioa lortzeko behar diren funtsak», azaldu zuen Orbegozok. Europako Next Generation funtsak martxan jarri zirenetik, udalak deialdi gehienetan parte hartu du, eta 22,2 milioi euro jaso ditu hainbat proiektu garatzeko.


