Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du Iñaki Badiola Realeko presidente ohiarentzat
Iñaki Badiola Realeko presidente ohia akusatuen aulkian eseriko da asteartetik aurrera. Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du berarentzat, Gipuzkoako politikari, epaile eta kazetarien aurkako ustezko irain eta kalumniengatik. Epaiketa hainbat egunez luza daitekeela aurreikusten dute.
Badiolak ustez iraindutako pertsonen artean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia daude. Gipuzkoako zenbait magistratuk, Justizia Administrazioko abokatu batek, Gipuzkoako Foru Ogasuneko hiru arduradunek, notario batek, komunikabide batek eta hainbat kazetarik osatzen dute ustezko laidotuen zerrenda.
Hain zuzen ere, Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazioaren idazkian, publizitatearekin egindako hamabost kalumnia-delitu, irain larrien beste hamabost delitu eta osotasun moralaren aurkako beste hamabost delitu egozten zaizkio Badiolari, baita sekretuak aurkitzearen eta ezagutaraztearen bi delitu ere.
Aipatutako espetxe zigorraz gain, Fiskaltzak eskatzen du auzipetuari 1.350.000 euroko isunak ezartzea, eta biktimak konpentsatzea: 1.950.000 euro guztira.
Twitterreko bi kontu
Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazio idazkiaren arabera, auzipetuak Twitterreko bi profil erabili zituen ustezko irainak zabaltzeko: lehena, 2015eko urritik 2018ko apirilera bitartean (sare sozial horrek kontua eten egin baitzuen); bigarrena, berriz, data horretatik urte bereko maiatzaren 11ra arte. Bigarren profil horretan, “gogo berarekin jokatuz”, erruztatuak bere biktimen aurkako “mezu iraingarri ugari” argitaratu zituen berriro.
Fiskaltzaren dokumentuak kontu horiekin lotzen du auzipetua (“Gipuzkoa Konfidentziala” izenburu generikoa zuten), Ertzaintzaren Informazioaren Teknologietako Delituen Atal Nagusiaren txosten baten bidez.