Iñaki Badiolak ukatu egin du Gipuzkoako pertsona ospetsuak iraintzen zituzten Twitter kontuen atzean egotea
Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak ukatu egin du gaur Gipuzkoako hainbat politikari, epaile, kazetari eta komunikabideren aurkako irainak eta kalumniak zabaltzea Twitterreko kontuetan. “Kontu horietan ez dut informaziorik sortu edo argitaratu”, esan du Badiolak, “nire pertsonarekin zerikusirik ez duten gertaerak dira, eta hor amaitzen da nire deklarazioa”, eta bere abokatuaren galderei baino ez die erantzun.
Badiolak adierazpen hori egin du Donostiako Zigor arloko 3. zenbakiko Epaitegian egiten ari diren epaiketaren lehenengo saioan. Gipuzkoako Fiskaltzak 66 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat.
Badiolak ustez iraindutako pertsonen artean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia daude.
Twitterreko kontu horietan egindako argitalpen batzuek gezurrezko lotura zuten Kote Cabezudo kasuko biktima batzuekin. Argazkilari donostiarrari 28 urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten ekainean, bortxaketa, sexu-abusuak, haur-pornografiako sei eta iruzurrezko bi delitu egotzita.
Epaiketaren lehenengo jardunaldian, Ana Isabel Perez Asenjo Cabezudo kasua instruitu zuen lehen epailea, eta Yolanda Domeño Gipuzkoako Auzitegiko Bigarren Sekzioko presidentea izan dira lekukotza eman dutenak.
Bere deklarazioan, Domeñok gogorarazi du txio horietan ustezko ustelkeria judizialeko sare batekin lotu zutela, eta, aldi berean, “probintziako pederasten taldearen burua” izatea leporatzen ziotela, egozpen “basatiak”, “gupidagabeak” eta “suntsitzaileak” zirela, eta “larritasun eta ezinegon ikaragarria” sortu ziotela.
Bestalde, Ana Isabel Perez Asenjo magistratuak esan du bere aurka argitaratutako txioetan “ustela” izatea eta “epaile bati egin dakiokeen inputaziorik okerrena” egitea leporatu ziotela, hau da, “prebarikatzen aritzea”.
Saio horretan bertan, Justizia Administrazioko abokatu batek, kazetari baten emazteak, deklaratu du. Bere senarrari “filtrazioak” egitea leporatu zioten Twitterreko kontu horietatik.
Azkenik, Donostiako enpresaburu eta notario batek deklaratu du, Cabezudo kasuarekin zerikusia zuen txio batean agertu zena. Txio horren ondorioz, enpresa-bazkideek dimisioa “eskatu” zioten. Aurreikuspenen arabera, epaiketari bihar emango zaio jarraipena, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Gipuzkoako Ogasuneko hainbat arduradunen deklarazioarekin.