San Bartolomen merkataritza zentro bat eta lurpeko aparkaleku bat jartzea onartu dute EAJk eta PSE-EEk
San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Berezia aurrera eramatea erabaki du udal gobernuak, urtarrileko osoko bilkuran.
San Bartolomeren barnealdean 8.000 metro koadroko eta bederatzi solairuko merkataritza zentro bat, eta lur azpian 200 plaza inguruko aparkaleku bat eraikiko dute. EAJk eta PSE-EEk aurrera atera dute plan bereziaren onarpena. Aldiz, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk kontra bozkatu dute.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eman ditu xehetasunak, eta planak berme guztiak betetzen dituela nabarmendu du. Aurkezturiko alegazio guztiak baztertu ditu Hirigintza Sailak, eta ezarritako irizpideak azaldu ditu Arzallusek. Esaterako, lurpeko aparkalekua ez dela 200 plaza baino gehiagokoa izango, eta merkataritza zentroaren beharrei begirakoa izango dela. Horrez gain, plan honekin Easo kaleko errei bat aparkalekura bideratuko dute.
Oposizioko udal taldeak kritiko agertu dira plan bereziarekin. Elkarrekin Donostiako Bixen Sacristan zinegotzia izan da zorrotzena. San Bartolomen 270 plazako aparkaleku bat jarriko dela salatu du, eta horrek inguruan afekzio asko eragingo dituela. Batez ere, Erdialdeko zirkulazioan eta biztanleen eguneroko bizitzan: “Zeharo kontraesankorra da plan berezi hau onartzea, eta ‘Datorren Donostia’ planaren bidez Erdialdea oinezkoentzako izango dela esatea”. Easo kalean errei bat aparkalekuaren sarrerarako bideratzea ere kritikatu du.
Bestalde, merkataritza zentroak inguruko merkatari txikiei kalte nabarmena egingo diela esan du, eta merkataritza zentroa bera eraikitzeko lanek eragingo dituzten afekzioen inguruan hitz egin du: “San Bartolome zulatu eta husteko lanek eremua desegonkortu dezakete, metroko lanekin gertatu den moduan”.