Donostiako bandera jaso du Artzak Ortzeok elkarteak
2021ean 100 urte bete zituen Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteak, eta omenaldi gisa, San Sebastian egunean igo zuen Donostiako bandera eman dio elkarteari Eneko Goia alkateak. Egurrezko kutxa dotore batean eta kristalezko tapa garden batek babestuta eraman dute bandera elkartera, eta oroigarria Aingeru Ibarzabali eman dio Goiak, Artzak Ortzeokeko bazkide beteranoetako bati, hain zuzen ere. Trukean, Artzak Ortzeokekoek ere oroigarri bat eman diote alkateari.
Ekitaldian, Oraitz Garcia Artzak Ortzeokeko danborradako Danbor Nagusiak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, bandera jasotzea “berezia” da. “Hiriko ikurra izaten da San Sebastian egunean, eta guk 2021ean mendeurrena bete genuenez, nahiko keinu berezia da. Azken finean, Intxaurrondon gaudenez eta festaren erdigunetik kanpo gaudenez, omenaldi hau egitea oso berezia da”, nabarmendu du Garciak.
Artzak Ortzeok elkarteak 200 bazkide inguru ditu gaur egun, eta sortu zenetik hona auzoan izan duen garrantzia azaldu du Danbor Nagusiak: “Auzoan elkarte garrantzitsu bat izan da, eta bertako jardueretan parte hartze handia izan du. Omenaldi hau elkartearen 100 urteetan bertako bazkide izan diren guztientzat da”.
San Sebastian eguna “oso ondo” joan zela ere azaldu du Garciak. “Bandera igoeran Artzak Ortzeoken ordezkari izateko zortea eduki nuen, eta Udal Liburutegiko balkoian egon nintzen. Jende askoren eskura ez dagoen luxu bat da, eta gainera, eguraldia lagun, egun zoragarria izan zen. Gainera, banderarena jakinda, are bereziagoa izan da aurtengo San Sebastian eguna”, azaldu du.