Ostalaritzan gertaturiko lan esplotazio kasu batek zalaparta eragin du
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu 21 langile atzerritarren lan baldintzak urratzeagatik. Asteko zazpi egunetan 12 orduz aritzen ziren lanean 1.068 euroren truke.
Langile baten salaketari esker, Donostiako bi ostalaritza establezimendutako lan esplotazioa etetea lortu dute. Hilaren 12an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako eta langileen eskubideen kontrako delituak egotzita. Zehazki, atzerriko 21 langile esplotatzea eta Ogasunari 80.000 euroko iruzurra egitea egozten diete. Esplotazio kasuak hautsak harrotu ditu, eta gertaturikoa gaitzetsi dute Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Eneko Goia alkateak, besteak beste.
Ikerketa 2022ko azaroan hasi zen, Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Probintzialak Donostiako Atzerritarren II. Talde Eragileari langile batek egindako salaketaren berri ematean. Horren arabera, Donostiako bi jatetxetan, biak enpresaburu berberen ardurapean, atzerriko hainbat herritar zeuden lanean egoera irregularrean eta euren eskubideak urratzen zituzten lan baldintzetan.
Salaketa horren ondorioz, azaroaren 9an, Polizia Nazionalak eta Lan Ikuskaritzak ikuskapena egin zuten bi establezimendutan. Horietako batean, hamabi langile topatu zituzten egoera irregularrean eta lan kontraturik gabe. Bestean, berriz, bederatzi langile gehiago, aurrekoen baldintza berean. Horren aurrean, ikertzaileek ikertzen jarraitu zuten, eta lan esplotazioaren arduradunak hiru zirela ondorioztatu zuten: bi enpresaburu eta jatetxe horietako baten kudeatzailea. Adierazi moduan, hiru pertsona horiek hilaren 12an atxilotu zituzten, eta gaur egun epaiketaren zain daude.
Ostalarien salaketa
Atxilotuei egozten dietena frogatuz gero, «merezi duten zigorra» jasotzea espero du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak: «Horrelako kasuek Gipuzkoan 4.000 enpresaburu txikik eta autonomok baino gehiagok osatzen duten sektorea kaltetzen dute». Elkartearen hitzekin bat egin du Goiak, eta ondorengoa gaineratu du: «Oso kezkagarria da horrelakoak gertatzea. Gure hirian soberan daude ostalaritzako gehiegikeria horiek».